Nola definituko zenuke paisaia kontzeptua? Puntu altu batetik ikus daiteken bista panoramikoa, agian? Lurralde baten itxura, beharbada?
Lerro hauetan paisaia kontzeptuaren inguruko hausnarketa eta definizio konplexuago bat proposatzen da. Izan ere, kontzeptuak berak dakarrena aurreratzearren, esan genezake norbanako bakoitzak lurralde berdin bateko paisaia ulertzeko modu ezberdin bat duela. Izan ere, zentzumenen bitartez jasotzen dugunak eta baita esperientzien bitartez gure gogamenean gordeta gelditzen den horrek guztiak definitu dezake nolabait paisaia, lurraldeko berezko natura eta materialtasuna albo batera utzi gabe. Eta, horrek zer esan nahi du? Bada, paisaia norbanako batek lurralde konkretu baten inguruan jasotzen duen eta lurralde horren ezaugarri material eta naturalen arteko batura dela. Nolabait, subjektibotasunean oinarritzen da beraz paisaia, norbanako bakoitzak berea propioa duelako, bereizmen-maila propioa, eskala propioan ulertzen du bakoitzak jasotzen duen paisaia.
Bestalde, kartografiaren ideia dugu, mapa. Pentsa genezake mapa lurralde konkretu baten paperezko eredua dela, eta bere eskala eragiketa matematiko baten bitartez errespetatzen duen marrazkia. Horren arabera, beraz, paisaia ez bezala, kartografiak objektiboak direla esan genezake, ordea, ez da beti horrela izaten. Mapa ez genuke soilik adierazpen grafiko huts bezala ulertu behar, bertan informazio zehatz bat adierazten baita, islatzen ari den errealitatearen inguruko irudi zehatz eta interesatu bat. Finean, boterea adierazteko tresna politiko eta ideologikoak dira mapak. Noski, ideia horrekin batera eta tresna ideologikoak diren heinean, lurraldearen interpretazioa bertako komunitatearen alde egiteko baliabide ere bilakatu daiteke, genero perspektibak erakutsi digun bezala.
Beraz, posible litzateke paisaia-mapa bat osatzea? Lurralde batekin sentitzen, gogoratzen, bizitzen duzun hori orri batean adieraztea besterik ez duzu.
Beraz, hortxe doa proposamena: har ezazu zure hiri, auzo, herria eta irudikatu nahieran horrek sentiarazten dizun paisaia.