PREST!

Hika ez da museoko bitxikeria

Erabiltzailearen aurpegia Itxaso Sainz Nuñez 2025eko abenduaren 16a

Eguberrien atarian gaudela, ez al zaizue itzela iruditzen lana bukatu eta sofan gozo-gozo etzateko momentu hori? Nik guztiz maite dut; askok esango didazue urteak betetzearen ondorio zuzena dela; are gehiago, etxekoandre bihurtu izanaren komeriak. Baliteke, baina zergatik errutina gorrotatu eta une oro asteburuaren zain bizi? Azken boladan, uneko momentuez gozatzen saiatzen nabil, egunerokotasuna ere zoragarria izan daitekeelako. 

Beraz, horrelako batean, albistegia ikusteari ekin nintzaiola kafesnea eskuan, honakoa entzun nuen: “Dragoi Bola Super animearen 131 atalak lehenengoz euskaraz ikusi ahalko dira EITBren Primeran plataforman”. Hori bai nostalgia sentitu nuena! Zer eta Dragoi Bola; nire txikitako marrazki bizidun kuttunenak gogora ekarri nituen. Ziur aski, nire moduan, zuetako askok euskara Goku edota Vegetaren ahotsetan ezagutu zenuten. Orduan ez nintzen ohartu, baina nire lehen hartu-emana euskararekin hikaz izan zen. 

Bueno, irakurle, nire buruhausteekin nahastu aurretik, hitz egin dezagun hikaren gainean apur bat, bai? Esan bezala, txiki-txikitatik jaso nuen adiskideen arteko hizkera hori; dena den, unibertsitatera heldu arte ez nintzen benetan kontzientze izan Erdi Arotik datorkigun altxor honetaz. Niri behintzat, liluragarria iruditzen zait lagunartean gaudela aditzean bertan solaskidearen arabera atzizki bereizgarri bat txertatzea [zer nahi dun (neskari) /duk (mutilari)?]. Ozen eta harro esan dezaket euskararen aberastasunak ez daukala mugarik; erreparatu baino ez diogu egin behar eta. Hala ere, sarritan aberastasun hori altxortzat jo beharrean, etsaitzat hartzen dugu. 

Bada, goazen eskola garaia oroitzera: nork ez du inoiz gelan irakaslearengandik holakorik entzun? Tira, talde, hi pertsona ez dugu emango oso zaila delako. Eta esaldi horrekin batera, hikarekiko harremana ere bertan eteten zen. Hizkuntza, azken finean, elkarrekin komunikatzeko tresna da, ez genuke ezagutu behar izango zelan jardun egoera nahiz solaskidearen arabera? 

Tamalez, gutako askok ez dugu euskara modu “naturalean” jaso; hau da, etxeko giroan. Hori bai, egun, gero eta ohikoagoa da umeek gurasoengandik eskuratzea. Dena den, eskola gure hizkuntzaren “etxe” bilakatu behar dugu; gure hizkuntzaren “jolastoki”. Ikasleek benetan euskaraz bizitzeko gaitasuna garatu behar dute edozein pertsonarekin edota egoeratan daudela. Euskara ezin dugu atzerriko edozein hizkuntza moduan irakatsi edota ikasi, euskaraz bizi eta zipriztindu behar dugu, geurea egin zein geurea sentitu, ez baitago guregandik at, euskaldun egiten baikaitu. 

Egia da azken urteotan, ekimenak abian jarri direla Euskal Herriko zenbait herritan mintzamolde bereizgarri hau biziberritzeko. Aipatzekoa da Zirhika elkartearen aparteko lana. Izan ere, hari esker, dagoeneko hainbat hika topaketa zein hikadromo martxan jarri dira. Edozelan ere, ez genuke hizkera honen abiapuntua eskolan jarri beharko? Eskolaren helburuen artean, ez al da “benetako” euskaldunak lortzea? Marrazki japoniarrek argi dute: hika barik euskal harremanak hankamotz daude; guk zergatik ez?