Esperientzien etorbidean landutako taldea da zurigorria. Bere jokalaririk aipagarrienak Sevilla, Manchester, Schalke edo Lisboako Sportingen aurkako gau magikoetan trebatutakoak dira, baita 2012an amorruz, antsietatez eta inpotentziaz blai galdu zituzten finaletan ere. Aulkian, maisua dute. Isila bezain azkarra da Ernesto Valvede, talde humanoak gidatzen dakien teknikari aparta. Zaleek emandako bultzadarekin batera, hiru elementu hauek elkarlotu dira italiarrak gainditzeko. Futbolari guztiek maila bikaina eman dute, baina Iturraspek bigarren zatian egindako erakustaldia denbora luzean gogoratuko da.
Ondo ekin diote partidari lehoiek eta intentsitate handiko lehen 45 minutuetan, sentsazio onak utzi dituzte. Hala ere, ez dute gola egin eta hori garesti ordaindu daiteke Rafa Benitezek entrenatzen duen ekipo baten aurrean. Atsedenaldiaren ondoren, hainbat zale oraindik ere euren eserlekuan kokatuta ez zeudenean eta beste hainbatek ogitartekoa amaitu barik zutenean, Hamsik eslovakiarrak Napoli aurreratu du. Areaz kanpotik egindako jaurtiketa on bati esker Gorka Iraizoz mendean hartu du.
Une kritikoa zen, markagailua alde zuten italiarrek eta espekulatzeko beta ezin hobea azaldu zaie. Talde baten maila eta heldutasunaren neurria ematen duten momentuetan, partida garrantzitsu batetan, zurigorriek egoera iraultzeko gai izan dira. Valverdek aulkia mugitu eta Ibai Gomez zelairatu du Beñaten ordez. Igorreztarrak bere itzuleraz geroztik egin duen partidarik onena izan den arren, Muniainek hartu bere lekua du erdigunean. Santutxuko hegalekoak beste ukitu bat eman dio taldeari eta korner baten ondorioz iritsi da lehen gola. Adurizek ez du barkatu.
Bana, kanporaketa berdinduta zegoen, luzapenaren itzal luzea presente eta akatsen penalizazioa erabatekoa zen jada. Eta baita heldu ere, Napoliko atzelariek eta atezainak egindako hutsak baliotu ditu berriro ere Aritz Adurizek. Donostiarrak zurigorriak aurreratu eta San Mameseko zalegoarekin duen lotura estua irudikatu du. Gurpegirekin batera taldearen arima da, nortasuna, ispilua. Esperientzia eta odol beroaren arteko nahasketa leherkorra.
Momentu horretatik aurrera bi figura gailendu dira, Mikel Rico eta bereziki Ander Iturraspe. Nagusitasun erabatekoa izan dute zelai erdian eta Matienakoa biderkatu egin da. Han eta hemen, baloiarekin jokoa antolatzen edo aurkariari lapurtzen, jauzian eta laguntzan. Edonon, erraldoi bilakatu da. Taldeko jokalaririk garrantzitsuena da eta ondo jokatzen duenean, Europan gutxik eman dezakete Durangaldekoaren maila. Eurekin batera, ezustekoa azaldu da. Unai Lopez gazte errenteriarrak lehen taldearekin debuta egin du. Erreboluzio altuko partida batetan trena martxan hartu du eta ez ditu estreinuaren zantzuak igarri. Bizia, talentuduna da Oreretakoa. San Mameseko ikusleen begien aurrean, lehen inpresio bikaina eman du. Orain, pazientzia izan behar dute guztiek, harribitxia du Athleticek.
Zaleek taldea airean zeramatzaten eta oldarraldia enbata bilakatu da Napolirentzat. Ekaitz perfektua Ibai Gomezek hirugarrena egin duenean sortu da. Helburua bertan zegoen, eskura. Azken minutuetan defentsa lana biderkatu eta italiarren ezintasuna azaleratu beharra zegoen. Baita lortu ere. Ate handitik eta merezimendu osoz sartu da Athletic Europako onenen artean. Euren artean baitaude zurigorriek.
Zozketak erabakiko ditu hurrengo aurkariak. Disfrutatzeko unea da, aurkari guztiak oso zailak dira. Dena den, bilbotarrek edozeinen kontra modu duinean lehiatu daitezkeela erakutsi dute, baita irabazi ere, bereziki San Mamesen. Helburua, partida bakoitzean mailarik altuena ematea beharko luke, hortik aurrera datorrenari heldu beharko zaie. Zaletuek zein jokalarik gutxienez beste hiru gau magiko izango dituzte San Mamesen, baita hiru irteera ahaztezin ere. Bidaiak ametsak baino gehiago iraungo duelakoan, gaurkoan pozik da planeta zurigorria.
Argazkiak: Athletic Club