Zurigorriak Celta baino gehiago izan ziren, markagailuan aurreratu eta lehia irabazteko abagune nahikoa egin zituzten baina Nolitok hogei minuturen faltan golak lehoien lana zapuztu zuen. Aurrera begira, seinale positiboak sumatu ziren eta epailearen lanak ez zuen batere lagundu baina sailkapenak zalantzak ereiten jarraitzea ahalbidetzen du. (1-1)
Bi astetako atsedenaldiaren ostean, arnasa hartu eta emaitza txarrak atzean uzteko asmoz bueltatu ziren larunbatean Athleticeko jokalariak. Valverdek Oscar de Marcos erditik aritzea erabaki zuen eta ondorioz Andoni Iraola eskuin hegalean kokatu zuen. Aldaketek berehalako eragina izan zuten. Guardiakoak taldea erabat luzatu zuen, dinamismo handiarekin jokatuz eta erasoko lanetan eragin handia izanik. Aurreneko minutuetan, zurigorriek erakutsitako mailak ez zuen azken partidetakoarekin antzik izan. Adurizek, De Marcosek eta Susaetak buruko min handiak sorrarazi zizkieten Celtako atzelariei.
Arabarra gola egiteko zorian egon zen baina bere jaurtiketa kanpora bota zuen. Galiziarren area barruan izandako esku baten ostean, Fernandez Borbalan epaileak penaltia adierazi zuen. Hamaika metroetatik, Adurizek ez zuen barkatu. Markagailuan aurreratu ondoren, intentsitatea lagun, bizkaitarrek aukera gehiago sortu zituzten. De Marcosek, Susaetak, Iturraspek edo Adurizek berak bigarrena egitekotan egon ziren baina ezin. Batzuetan euren akatsek, iaiotasun faltak, eta bestetan Sergio Alvarez atezainaren geldituek ekidin zuten. Horrekin batera, arbitroak donostiarraren gol bat legez kanpo utzi zuen.
Liga hasiera honetan maila ona erakusten ari den Berizzoren taldeak zailtasun ugari izan zituen lehen 30 minututan baina apurka, area ingurura gerturatzeko ahaleginak egin zituen. Esfortzu horretan, Athleticen defentsako hegalak baliatu zituen, bereziki oso egun txarra izan duen Mikel Balenziagaren eremua. Lerroak aurreratu arren, galiziarrek ez zuten Gorka Iraizoz estutu.
Atsedenaldiaren ostean, zurigorriak partida erabakitzekotan egon ziren baina Fernandez Borbalanek Adurizen jokaldi eta gol bikaina baliogabetu zuen. Ondoren, gipuzkoarrak bigarrena egiteko aukera ezin hobea izan zuen baina errazena ate barruan sartzea zirudienean, huts egin zuen. Apurka, bero sargoria eta nekearen eragina igartzen hasi ziren. Athletici gehiago kostatzen zitzaion jokoa sortzea, nahiz eta Susaetak zein De Marcosek arriskua eragiteko lan eskerga egin zuten. Fisikoki ukituta zegoen Muniainen ordez, Valverdek Ibai zelairatu zuen.
Partidaren azken txanpan edozein akats oso garesti ordaindu zitekeen eta hala suertatu zen. Jokaldi azkar eta bikain baten ondoren, Celtak berdinketa erdietsi zuen Nolitoren bitartez. Hogei minutu falta ziren norgehiagoka bukatzeko eta teknikari gasteiztarrak Beñat eta Toquero sartu zituen, alferrik. Ezinezkoa izan zen, ez zen hausporik falta, ahalegin betea egin zuten jokalariek eta berriro ere zorteak bizkarra eman zien. Ibai Gomezek bigarren gola egiteko aukera izan zuen falta baten bidez baina Sergio Alvarezek ondo erantzun zuen. Irudia eta jokoa hobetu arren, zurigorriek sufrimenduaren bidetik jarraitu beharko dute. Arerioaren jokaldi bakarra nahikoa izan baita hiru puntuak ez batzeko.
Gerezi gorririk ez momentuz eta orain erronka zaila du Athleticek asteartean Porton. Talde historikoa, aurkari gogorra. Larunbatean erakutsitako gauza positiboei eutsiz gero, partida irabazteko aukerak izango dituzte zurigorriek. Ez dagoenean, oraingoan bezala hor konpon. Lana eta ekinaren bidez bon-bon izango delakoan.
Argazkiak: Athletic Club