Athletic

Autoestimua indartzeko urrezko hiru puntu

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Zarrabeitia 2014ko aza. 2a, 17:16

Garaipen garrantzitsua lortu du Athleticek Sevillaren aurka gaur San Mamesen. Adurizen golak eta talde osoaren ekarpen sendoak Emeryren jokalariak merezimendu osoz gainditu ditu. Ligan bi partida errenkadan irabazi ondoren, lehoiek arnasa hartzeaz gain, konfiantza berreskuratu eta berriro ere gorantz begiratzeko beta hartzen dute. (1-0)

Sailkapeneko lehen postuan bakarrik egonkortzeko aukera zuen Sevillak Bilbon eta ondorioz norgehiagoka zaila aurreikusten zen Athleticentzat. Intentsitatea, oldarkortasuna eta esfortzua ezinbesteko tresnak argudioak hiru puntuak etxean geratzeko. Hasi eta berehala agerian geratu da, baita Estrada Fernandez epailearen maila eskasa. Aurreneko minutua bete aurretik, Aritz Adurizek txartel horia ikusi du protesta egiteagatik. Langa altuegia gauza onerako eta modu orekatuan mantendu ez duena.

Zurigorrien hamaikakoan Oscar De Marcosen posizioa zen berrikuntza nagusia, Guardiakoa puntaerdian jokatu du, Iraolak -Klubaren historian Ligan partida gehien jokatu dituen bosgarren jokalaria bilakatu da gaur usurbildarra- eskuin hegalean eta Etxeita berriro ere hasieratik aritu da. Zornotzarrak sekulako maila eman du eta Laporterekin batera bikote sendoa osatu dezakeela erakutsi du. Erasoko jokoan, astean zehar arazo fisikoak izan dituen Muniain zein Markel Susaeta andaluziarren defentsa higatzen baliabide egokiak izan dira. Baina Liga hasierak zer edo zer erakutsi badu, Athleticek Adurizen golekiko dependentzia duela da. Donostiarra taldeko “frontman”-a, jokaldiak borobildu behar dituen definitzailea, atzelariekin borroka etengabean murgilduta, aurkariaren atea begiz jota duena. Gaur, jaurtiketa bikain baten bidez taldea aurreratu du.

 

Golak zurigorrien jokoa suspertu eta bigarrena eskuratzeko ahaleginetan murgildu ditu, Susaetak bitan eta Laportek ederto bidalitako falta bat medio errenta handitzekotan egon dira baina ez dute lortu. Partidaren gakoa erdigunean kokatzen zen, Estrada Fernandez epaileak San Mameseko zaleak desesperatzen zituen bitartean. M'Bia kamerundarrak bi txartel hori ikusteko moduko falta nahikoa egin ditu baina zelaia jarraitu du atsedenaldia heldu arte. Aldiz, Aritz Adurizek partida utzi behar izan du. Gipuzkoarrak arazo fisikoak pairatu ditu iskioetan eta hurrengo ordu eta egunetan egin beharreko frogek lesioaren dimentsioa azalduko dute. Antzeko zerbait gertatzen da De Marcosekin. Arabarrak oinean du min.

Sevillaren arrisku nagusia Tremoulinas ezker hegalekoak sortzen zuen, Girondinseko jokalari ohiaren saiakera eta erdiraketen bidez iristen zen Emeryren taldea Athleticen area ingurura. Gabezi horiek aintzat hartuta, atsedenaldiaren ondoren prestatzaile gipuzkoarrak Gameiro eta Banega zelairatu zituen. Helburu argia zuten aldaketek, baloi jabetza gehiago izan, lerro arteko pase hobeak bilatu eta euren erasoko jokoaren abiadura eta sakontasuna handitu. Parean, Valverdek Ager Aketxeri Ligan debuta egiteko aukera eman dio. Erromokoak detaile politak utzi ditu, bereziki partidaren hondarrean.

 

San Mameseko zaleen laguntzarekin, Sevillaren estualdia gainditu du Athleticek. Lehoiek metro batzuk atzera egin duten arren, ez dute berebiziko larritasunik sufritu eta partida andaluziarren arean amaitu dute. Fisikoki nekea antzematen den arren, hiru puntuak lortzeko ilusioak taldea eutsi du, tendentzia aldatzeko balio duten norgehiago bat irabaztekotan zeudelaren jakitun.

 

Bi garaipen errenkadan eskuratu ondoren, bilbotarrek arnasa hartzeaz gain, konfiantza eta autoestimua berreskuratzen dute. Liga modu bikainean hasi duten Emeryren mutilen kontra hiru puntuak eskuratzeak zurigorrien maila azaleratzen du. Orain, berriro ere gorantz begiratzen hasteko aukera du Athleticek, dagokion postuetara itzultzeko. Hurrengo bi aurkariak errekuperazioa neurtzeko egokiak izango dira, Porto Championsen eta Valentzia Ligan.

 

 

Argazkiak: Athletic Club