Athletic

Ez dago besterik: “UEFA posible”

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Zarrabeitia 2014ko aza. 6a, 09:14

Athletic Club eta UEFA.Com

Portok merezimendu osoz irabazi du gaur San Mamesen eta Athleticek Txapeldunen Ligan zituen esperantza apurrak zapuztu ditu. Valverdek zelairatutako hamaikako berritzaileak inpotentzia ariketa nabarmena osatu du eta bigarren zatian defentsako lanean egindako akatsek taldea kondenatu dute. Orain, Bate Borisovekin batera Europa Leaguen aritzeko eskubidea ematen duen multzoko hirugarren postuagatik borrokatuko dute zurigorriek. (0-2)

Datorren azaroaren 15an 25 urte beteko dira Pedro Aurtenetxek Howard Kendall Athleticeko entrenatzaile kargutik kendu zuenetik. Ingelesak zapore bikaina utzi zuen zaletuen artean, klubarekin erabat maiteminduta geratu zen eta malko artean agurtu zen. Karismatikoa zen eta gazteleraz hitz egiteko zailtasunak zituen arren, zale guztien oroimen kolektiboan geratu den esaldia patentatu zuen: “UEFA posible”. Iragan den apirilean, Kendall-ek berriro bisitatu zuen Bilbo, bere bihotzak sekula utzi ez zuen hiria, lagun zaharrekin elkartu eta bide batez futbol zelai berria ezagutzeko. Bere agindupean debuta egin zuen Josu Urrutia presidentearekin egoteko beta ere izan zuen. Orduan denak beste kolore bat zuen, irribarreak nagusi ziren eta lehoiak berriro ere Txapeldunen Ligan jokatzeko pasaportea erdiestetik gertu zeuden.

Denbora gehiegi, 16 urte, bidaia hain arin amaitzeko. Lau jardunaldi igaro ondoren, zurigorriak final zortzirenetara sailkatzeko aukerarik gabe geratu dira jada. Are gehiago, orain arte Europako txapelketa nagusian erakutsitako maila orokorrean eskasa izan dela esatea ez du inolako atrebentzia. Borisoven egindako partida tamalgarrian eta gaurko lehiaren bigarren zatiare egindako hutsekin bilbotarrek euren bala guztiak agortu dituzte. Modu inozoan gainera, euren akatsek kondenatu dituzte.

Porto Athletic baino gehiago izan da San Mamesen, euren gaitasun fisikoa eta jokoa antolatzerako orduan ideia garbiagoak erakutsiz. Aurrean, galduta azaldu den Valverderen taldea. Gasteiztarrak hainbat aldaketa egin ditu partidari ekiditeko baina ez du espero zuen eragin positiboa lortu. Iturraspe, Muniain eta maila bikaina eskaintzen ari zen Xabi Etxeita aulkian utzi ditu, aldiz San Jose, Gurpegi, Ibai edo Beñat hasierako hamaikakoan aritu dira. Aurrean, espero zitekeen moduan, Guillermo gaztea aritu da. Arrigorriagakoa behin eta berriz duintasunez saiatu da, baina alferrik. Adurizen bajak taldea golegilegile eta erreferentziazko aurrelaririk gabe uzteaz gain, lider barik lagatzen du.

Zurigorriek portugaldarrek planteatzen zuten erronkari eutsi nahi izan diote, zelai erdian borroka eginez eta geldikako jokaldiak baliatu asmoz. Lopetegirenek aldiz, Tello eta Brahimiren bertikaltasuna zein Jackson Martinez potentziak eskaintzen dizkieten abaguneak probestu nahi zituzten. Horiek horrela, lehen zatian markagailuan aurre hartzeko aukera bikainak izan ditu Portok. Onena, kolonbiarrak huts egindako penalti baten bitartez, area ertzeko epaileak adierazitako jokaldi eztabaidagarrian. Ez da kanpoko taldearen hurbilketa arriskutsu bakarra izan, Jackson berak zein Sandrok falta baten bidez gola egitetik gertu egon baitira.

Norberaren oinean tiro eginez

Athleticek aldiz erasoko jokoari soluzio egokiak topatzeko zailtasun ugari izan ditu eta ez du apenas arriskurik sortu. Atsedenaldian, Valverdek Muniain eta Iraola zelairatu ditu, Beñat eta Susaeta aldagelan utziz. Ispilatzeen antzera, taldeak bere jokoari martxa bat gehiago sartuko zuelaren irudia eman du bigarren zatiaren hasieran eta De Marcosek aukera bikaina izan du. Ondoren, lehoiek portugaldarrak estu hartu dituzte korner jaurtiketa pare batetan. Susperraldiak gutxi iraun du eta Portok eskuin hegaletik egindako jokaldi batetan iritsi da lehen kolpea. Iraola gaindituta, atezainak ezin izan du baloia aldendu eta Jacksonek barrura bidali du. Aldapan gora, berriz.

Gauzak gero eta okerrago zeudenean, Guillermoren burukada batek zutoina jo du, itxaropen printzak geratzen ziren oraindik. Athleticek bere oinean tiroa eman duen arte, Iraizozek huts benetan larria egin du area barruan eta Brahimik ez du oparia barkatu. Hor amaitu dira aukera guztiak. Frustrazioa eta kezka nagusitu dira. Zaleen buruan, Valverderen hamaikakoa, talde osoaren parte hartzearen armairua zabaltzean zalantzaz jantzita bukatzen dutela eta bereziki erasoko jokoa sortzeko zurigorriek dituzten gabeziak.

Txapeldunen Ligak suposatzen zuen ametsa bortizki bukatu ondoren, bestelako helburu batzutan pentsatzen hasi behar du Athleticek. Berehalako hausnarketei dagokionez behintzat, Mestallako partidak nazioarteko partiden ondorioz etorriko den etenaldiari ateak zabalduko dizkio. Ondoren, Athleticek berriro ere erronka europarrari helduko dio. Shakhtar eta Bate Borisoven kontrako partidetan, bizkaitarrek Europa League-n aritzeko txartela eskuratu beharko dute. Oraindik eta dagoen helburu berria izanik, onak dira Kendall-en hitzak: “UEFA posible”.

Argazkiak: Athletic Club eta UEFA.Com