Hala ere, astearte euritsua bukatzear duten bi hiritarren konplizitateagatik edo, agurtu eta irritxo bat bota genion elkarri nik barik-a makinatik pasatzen nuen bitartean. Azken-aurreko ilaran jesarri nintzen musika aurikularretan nuela.
Azkenaldian Netflix-eko telesail baten mendera erori naiz; bertako harremanak gogoratu nituen autobusean bi ilara aurrerago zeuden bikotekideak muxuka ikusi nituenean. Zein alde handia dagoen telesaileko harreman eta autobus honetakoaren artean; telesaileko harreman eta nire egunerokoen artean.
Azaleko elkarrizketak antzezten dituzte aktoreek, eta guk askotan imitatu. Poza edo tristura, maitasuna edo gorrotoa aukeratu nahi dugu, harreman deitzen ditugun interakzio horiek soilik zuriak edo beltzak ez direla ahaztuta.
Autobus gidariak nire begiradan nekea ikusi zuen eta identifikatuta sentitu zela esango nuke; atseginak izateko ahaleginetan elkarri irria atera genion bezala. Edo agian konplizitate kontuak... Hartu eta eman; HAR(R)tu eta EMANak...