Hala ere, ez gara hartu eta eman “aseptiko” (germen gabekoa) batean bizi; berez, “garbia” (zikinkeririk gabekoa) ere ez da. Harremanak kutsatuta bizi ditugu; estresak, matxismoak, botereak, kapitalak, arrazakeriak edo baita psikopatiek ere kutsatuta. Maitasuna, beraz, kutsatuta bizi dugu ere. Harremanik kutsatuenetarikoa da, agian.
“Heteropatriarkatu kapitalista”. Bi hitz potolo horiek dira maitasuna zelan sortu eta eraiki baldintzatzen dutenak. Alde batetik, bikote harremanen maitasuna kokatzen baita kontzeptuaren erdigunean, “beste maitasunak” ahaztuta. Bestalde, harreman heterosexual (eta kide normatiboz osatua) hartzen delako hegemonikotzat. Azkenik, kapitala sortzeko interesaren arabera bideratzen delako. Guztia hipersexualizatutako kontzeptu baten inguruan.
Noski, ez dut maitasun aseptikorik bizi nahi, baina dialogoak, aniztasunak, parekidetasunak edo duintasunak kutsatutakoa nahiago. Feminismoak kutsatutakoa, azken finean.