uriola.eus

Lagunari

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Denok sentituko genuen azala puzten azkenengo egunotako beroarekin; sorbaldak pisutsu, hankartea izerditan, oinak itsaskor. Gero, egun amaieran, edari freskoren baten besotara botatzeko asmotan egongo ginen, eguneko azken hatsa, behintzat, freskoa izan zedin.

Ziurrenik, garagardoa, edo delako edari hori, ez genuen bakarrik hartuko; askotan, bakarrik egotea bururako freskotasuna lortzeko era bakarra dela dakigun arren. Lagun deitzen dugun horrekin biziko genuen momentua; garagardoak partekatu, abesti berriak erakutsi, elkarrizketak bideratu edo jaki gustokoenak oparitzen dizkigun horrekin. 

Bakoitzaren kezka guztiekin daramagun erritmo frenetiko honetan patxada sortzeko harremanetaz hitz egiten ari naiz, lagunen artekoetaz. Adibidez, “laneko ikasturte amaierako zereginak, Gazte Egunerako lan egunak, neska* gazteon topaketetarako prestaketa lanak, emakumeen sarerako bileraren dinamizazioa, gorroto dugun baina uzten ez dugun lan prekarioaren baldintzak, Master Amaierako Lana, lagunen baten urtebetetzea, aitari egin behar dioten ebakuntza, selektibitatea, udako lanerako kontratua edo udalekuetarako antolakuntza” buruan daukagun honetan, enpatiaz osatutako elkarrizketez ari naiz, perspektiba hartu eta lehentasunak neurtzeko diren horiek; eguneko azken hatsa, behintzat, indartsua izan dadin eragiten dutenak.

Aurrekoan esan nuen bezala, maitasunaren hartu eta emanak egiten ditugu lagunarekin, enpatiaz kutsatutakoak. Mezu zintzo eta keinu irribarretsu artean, konplizitate sakon eta autokritika eraikitzailearen uztarketan dirauten harremanak dira. Egun ahuletan, besarkada indartsua. Egun beroetan, ur-jauzi freskoa; egunak arnasa fresko eta indartsu hartuz bukatzeko. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa