Zimurrak

Erabiltzailearen aurpegia Bego Beraza 2019ko urr. 14a, 10:05

Amamak 99 urte ditu, senidean adinkiderik hurbilena bera baino 30 urte gazteagoa da. Ez da txantxa. Harrigarria zein egiatia. Ziurrenik, zuk ere inguruko adinduak (familiakoak, hildakoak, lanekoak, lagunenak...) ekarri dituzu gogora orain, eta sarkasmoak, umoreak duen alderdi gordina, ere ezaguna zaizu. 

Adibidez, ezaguna zaizu amama zaintzeko dauden seme-alaben artean, alabek (askorentzako geure amek) jasango dutela zaintzaren kargarik handiena. Hori ere ez da txantxa, "harrigarria" zein egiatia. Hala ere, zaintza-lanez gain, beste kezka bat daukat adinekoen inguruan. Luze daramat entzuten "adinekoengandik asko dugula ikasteko", askotan entzun ere.

Esaldia neure buruari errepikatzen diodan aldiro, betiko pentsamendu primario, gordin eta iluna datorkit: "adinekoengan gaztetan izandakoaren itxura zimurtua besterik ez dut ikusten", bizi zikloaren arabera heriotzatik hurbilago egoteak aura magiko bat sortuko balu bezala. Jarraian, planeta honetako gazterik krudelena naizela sentitzen dut.

Ondoren, hori pentsatzea zilegi dela jakiten dut. Azkenean, "adinekoengandik ikasteko asko dugula" ideia, ideia soil bezala, erromantikotzat jotzen dut eta neure teoria (primario, gordin eta iluna ere, ziurrenik) irmotzen dut: zimurrek dute garrantzia. Adinaren zimurrek harrotasunez, lotsa gabe, erakusten dute gaztetan ezkutatzen ahalegintzen garena: arroka gogorrenaren antzera ere hautsi, osatu, arrakalatu, leundu, indartu, are gehiago indartu, txikitu eta berriro eratu arte hauskorrak garela (eta eskerrak).