Bideo-dei batean kontatu zidan, noski, berak azkenaldian oso modan dauden legamiarik gabeko opila prestatzen zuen bitartean egin genuen bideo-deian. Nik, ohean etzanda nengoela, erantzun nion berrogeialdiaren inguruan entzun ditudan hausnarketen artean produktibitate “behartuak” gugan eragin dezakeen karga arintzearena buruan bueltaka dudala. Ohetik esaten nion, soinean pijama neramala, ni ere hasten saiatu eta saiatu nenbilela, liburua etsipenaren etsipenaz apalategian abandonatuta nuela. Barre egin genuen, hausnarketa azalean inskribatuta daukagun arren, errudun sentitzen ginelako, noski.
Agian horregatik idazten dut. Agian errudun sentitzen naiz egoera hau ulertu ez eta erantzuten jakiten ez dudalako, hilabete pasatu izan arren. Agian ditudan beharrak gainera erori zaizkit. Agian sistemaren “pause” honek betidanik gure burua zaintzeko ditugun zailtasunak aurpegira oihukatu dizkigu. Agian lagun arteko bideo-dei soil batean dago koxka: pantaila bitartez bada ere, bakoitza “kaos” honekiko genituen beldur edo deserosotasunetik haratago elkarrizketa, barrea edo dena delakoa sortzeko hartu eta emanean geundelako.
Blokeoak hilabetez irakurtzeko ezintasuna eragin digu akaso, eta lastima da, baina lagunarekin botatako barreek geure burua zaintzen lagundu digute. Bizitza omen baita lehena.