Igerilekura ere sartu gaitezke kale bakoitzean pertsona bakarra baldin badago eta uretara sartu arte musukoarekin baldin bagoaz. Ahaleginak ahalegin, hainbat eta hainbat sasi igerilari elkartzen gara bertan egunero.
Uretan muskuluak luzatu eta 10 minutuz 80 gradutan egosi ondoren, dutxa kolektiboetara joaten gara denok. Metro biko distantzia mantenduta, noski... Dutxa momentua da onena, hori bai “gorputz jaia”. Adin, kolore, tamaina eta forma askotariko gorputzak: esku zimurtuak, aldaka estuak, triceps jausiak, titi borobilak, abdomen lodiak, hanka luzeak, oin txikiak, tatuajeak, orbanak...
Ezezagunak gara, ez dakigu batak besteari buruz ezer eta biluzik gaude bakoitza berera. Hainbeste covid-19, gobernu zuriketa, osasun publikoaren gainbehera eta prekarietate artean norberak bere burua zaintzeko modu bat. Ariketa fisikoa eta, nolabait, gorputzei inposaturiko arauen deuseztea, besterik gabe.