Metaforatik harago, azkenaldian kezkatzen nauen gaia da. Bada, badirudi iazko itxialdiaren ondorioz ariketa fisiko eta elikaduraren inguruko interesa piztu zaigula orokorrean. Oso pozgarria izan daiteke mugitzeko eta jateko dugun modua aztertu eta aukera berriak ikertzea, "gorputza baita gure lurralde libre bakarra". Hala ere, ez dut uste gorputz-burua (gu, garena) aberastea denik joera honen helburua (edo bidea).
Aurrekoan Catalunyako Juliana Canet youtuberraren bideo batean ikusi nuen adibide argi bat. Jarraitzaile batek hurrengo galdera egin zion: "com et vas arribar a aprimar tant durant el confinament?", hau da, "zergatik argaldu zara horrenbeste itxialdi garaian?". Youtuberrak tonu serioz eta ironiaz erantzun zuen:
-Sudurrean muki bat dudala esaten didazunean bezala, hiru segundutan aldatu dezakedan ezaugarri fisikoa denez, horri buruz hitz egitea onartu dezakegu. Hiru segundutan aldatu ezingo dudan ezaugarri fisikoari buruz galdetzeko bada, isildu zaitez.
Nik neuk galdetu nion neure buruari zergatik argaldu ote ziren hau eta bestea itxialdi garaian. Oso adibide argia dugu hemen: beste behin ere, kanon fisiko oso zorrotz eta irrealera bideratu dugu benetan aberasgarria izan daitekeen jakintza.
Itxialdia goraipatu gabe, harritu ninduen denbora apur bat eskaintzearen ondorioz, sukaldeek usain berriak atera izana, etxeko espazioetan giharrek energia sortu izana. Haatik, gure bizi estiloan bat-batean konfinatu izanaren ondorioz gorputz-buru (garen hori) hori zaintzeko beharrak aurpegian lehertu zigula uste dut. Gainontzeko teoria guztiak metafisika hutsa dira.
Beraz, poztu gaitezen konfinamenduaren ondorioz geure buruen zaintzarako inflexio puntua bizi izanaz (itxialdiari erromantizismoa kenduta, mesedez). Utzi dezagun soilik gorputz argal kanonizatuak osasunarekin eta osasunaz jakin eta mintzatzeko legitimitatearekin lotzen. Eta goazen bizi estiloa, elikadura, ariketa fisikoa eta norberaren errealitatea osatzen duten hamaika ezaugarriak aztertuz, gure gorputzak entzutera.