Politika ekonomiko neoliberalek bultzatu duten erreforma eta murrizketa neurriek guztiz prekarizatu dituzte herritarron bizi baldintzak, pobre eta aberatsen arteko amildegian sakonduz, eta lehiakortasun soziala handituz. Orain, inoiz baino gehiago, sortzeko, antolatzeko, eraikitzeko eta eragiteko dugun gaitasunean sinistu behar dugu. Euskal Herrian aldaketarako abagunea irekitzen den honetan feminismoaren sokari heldu eta eraldaketa soziala norabidetzeko ordua da, orain da momentua! Iparra argi dugu, Bagoaz Euskal Herriaren burujabetza feministarantz!
Proiektu feminista bat behar dugu Euskal Herriarentzat, sexu bereizkeria eta zapalkuntza esparru guztietan gainditzeko, eta pertsonen zein bizi garen inguruaren bizitzak erdigunean jarriko dituen eredua eraikitzeko. Burujabetza feministaz ari garenean prozesu indibidual eta kolektibo batez ari gara. Buru eta jabe, pertsonaletik: Euskal Herria osatzen dugun subjektuon burujabetza bultzatuko duen ahalduntzea nahi dugu, gorputzak (emozio, desirak, beharrak, pentsameduak) eta harremanak eraldaketa prozesuaren erdigunean jartzen dituena. Kolektibora: komunitatearen sorrera, herrigintzan, herritarron parte hartzean, Euskal Herriaren askapen prozesu eta gatazken konponbidean eragiten duen ahalduntze prozesua, gutasunak egiten gaituelako libre. Buru eta jabe, gure erabakitzeko eskubidearen, adierazteko eta politikoki eragiteko gaitasunaren, herri alternatibak sortzeko eta eraldaketarako dugun boterearen jabe izan nahi dugulako.
Euskal Herrian burujabetza feminista eraikitzeko feministok kalean kontraboterea artikulatuzearekin batera, boterearen jabe izan behar dugu. Boterea hartzea gaitasun politikoa eta intzidentzia irabaztea dela ulertzen dugu, mapa politikoa baldintzatu ahal izateko, hartzen ari diren erabaki eta neurrietan eragiteko eta aldaketa sozialaren oinarriak markatu ahal izateko. Honez gain, botere hartzea ahalduntze pertsonal eta kolektiboarekin ere lotzen dugu. Horretarako, Mugimendu Feministaren aitortza politikoa lortu behar dugu, lidergo feminista bat osatuz eta botere guneak irabaziz. Hau epe motzean lortu dezakegu aliantza eta estrategia komunak ezarriz gero, eta Euskal Herrian feminismotik eragingo duen gune feminista iraunkorra osatuz.
Hauek dira Euskal Herriko Bilgune Feministak Euskal Herria feminismotik eraikitze bidean hartzen dituen konpromisoak:
Euskal Herriaren burujabetza feministaren prozesua definitu eta ezaugarritzeko eztabaida sustatzea, eta eredu sozialaren eraldaketan eta alternatiben eraikuntzan feminismotik proposamenak lantzea. Zentzu horretan, ongi bizitzearen eztabaida eta praktikan sakontzeko bitarteko teoriko eta praktikoak sortzen jarraitzea.
Lidergo feministaren osaketan urratsak emateko indarrak jartzea. Horretarako, batetik, subjektu feministen eztabaidan sakontzen jarraitu behar dugu, aliantza anitzak artikulatu ahal izateko. Bestetik, ezinbestekoa den emakumeen antolakuntza eta ahalduntze politikorako espazioak sortzen jarraituko dugu. Bukatzeko, Mugimendu Feministaren aitortza politikoaren berme izango den gune feminista iraunkorra martxan jartzeko baldintzak sortzeko gure konpromisoa azaltzen dugu.
Baimenik eta barkamenik eskatu gabe, euskal feministok bagoaz!
Emakume kurduak burujabetza eta antolakuntza feministaren eredu ditugu, beraz, Euskal Herriko eta Kurdistango burujabetza feministaranzko prozesuak lotzeko, Kurdistango herriak pairatzen duen zapalkuntza salatu, elkartasuna adierazi eta bere antolakuntza eta askapen prozesuaren eredua aitortu nahiko genuke egun honetan. Aurten, Emakume Mundu Martxako V. Nazioarteko Ekintzako Europako birak, hain juxtu, bere ibilbidea Kurdistandik abiatuko baitu Martxoaren 8an. Euskal Herritik irailaren 28tik urriaren 4era pasako da karabana feminista “Gure gorputzak, gure territorioak. Martxan jarraituko dugu denok aske izan arte!” lelopean. Martxaren sinbolo nagusia haziak izango dira, herri eta emakumeontzat ezinbestekoa den elikaduraren burujabetzaren borroka irudikatzeko, nahiz eta aldarri anitzak batuko zaizkion.
Honenbestez, dei egin nahi genuke egun hauetan antolatuko diren ekimenetan parte hartzera.
Bagoaz Euskal Herriaren burujabetza feministarantz!