Izan burujabe, izan aske! Ni + zu + gu = Nola? II. Jardunaldi Feministak

Aurreko ikasturteari jarraipena eman nahi diogu. Iaz hasi genuen bidea jarraitu, asko izan ginelako elkartu ginenak eta asko izan zirelako landu, hausnartu eta konpartitu genituen gaiak. Aurten ere Bilboko Bilgune Feministatik, otsaila ardatz hartuta eta astero, hitzaldi, tailer edota tertulia bat proposatu nahi dugu zuokin guztiokin konpartitzeko. 

Gure helburuak eta konpromisoak ez dira aldatu. Eraiki nahi dugun EH feminista irudikatu nahi dugu gaurdanik, gakoak diren gai batzuen inguruan hausnartzen hasi edota jarraitu nahi dugu. Gure herriaren burujabetza lortzera goaz, eta oso argi dugu feminismoa dela bidea eta giltza. 

Feminismoa egunerokotasunean bizi nahi dugunok, bidean oztopo, kontraesan eta bakardadea sentitu ohi dugu. Kontziente gara bizi dugun errealitate eta egoeraz eta horrek bidean jartzen gaitu, borrokan eta martxan. Argi daukagu eraldaketa prozesu batean subjektu politiko aktibo bihurtu behar garela eta jakin badakigu eraldaketa politikoa ez datorrela identitate estanko batetatik, baizik eta eraldatzeko borondateagatik eta aniztasunagatik. 

Aurreko jardunaldietan Arrakala dokumentala ikusi, maitasun erromantikoa desmitifikatzeko ariketa egin genuen, sextabaida eta zaintzaren inguruko saioak burutu genituen. Borroka politikoa maila pertsonaletik abiatzeko eta bideratzeko garrantzia azpimarratu genuen, pertsonala baita maila handi batean, gure bizitza antolatzen duena, abiapuntua eta motorea. 

Aurten ere gai hauekin jarraitu eta eztabaida berriak proposatzera gatoz. Adi landuko ditugun edukietara! 

Hasteko, Boteretze feminista martxan! tailerra osatu dugu. Boterearen eta botere harremanen inguruko hausnarketa egiteko unea dela pentsatzen baitugu.

Euskal Herrian boteretze-ahalduntze kolektibo bat abiarazi edota indartuko badugu, botere-hartzea prozesu bat dela onartzea eta “kanpoari zein barruari” eragiten diola aitortzea ezinbestekoa dela pentsatzen dugu. Baina zein da euskal herritar gisa lortu nahi dugun boterea? Zer da guretzat boterea eskuratzea? Zertarako nahi eta behar dugu boterea? Herriaren botere-hartze prozesuan, ezinbestekoak dira eragin-gune desberdinak kontuan hartzea eta hoiek lantzera goaz! 

Maitasun erromantikoaren gaiari lotuta, aurreko ikasturteko ondorioak jaso genituen. Argi daukagu harremanetan emakumeoi rol pasiboa hartzea esleitu zaigula eta maiz sistemaren estereotipoekin apurtzea kostatu egiten zaigula (subjektu izatea, ezetz esatea…)

Autoestimuak, autodefentsak eta autonomiak garrantzi handia daukala ondorioztatu genuen 1.go jardunaldietan. Bestalde, komunikazioaz, eskatzeaz eta emateaz, bakardadeaz, kontrolaz, zeloetaz eta hausturetaz aritu ginen luze…

Aurten, Bizipoza vs. Kutsadura tailerra osatu dugu. Egunerokoan  izaten ditugun harreman motak kolektiboan identifikatzea eta aztertzea eta harreman “toxikoei” aurre egiteko estrategia feministak garatzea helburu izango duen tailerra planteatuko dugu.

Azkenik, Posiblea da feminismoan bizitzea esperientzien mahaingurua osatu dugu. Familia eredu tradizionaletik haratago doazen bizimodu desberdinak posible direla ikustaraztea eta kolektiboan elkartrukatzea eta aztertzea nahiko genuke. Horretarako, honako gonbidatuak izango ditugu:

Elena Garcia “Ama bakarrik baina ez bakardadean”. Ama bakarra izatearen erabakia azalduko digu, zergaitiak, nola bizi izan duen eta zelan osatu duen haurrak zaintzeko sarea…

Irantzu Varela “Tribu bateko kidea”. Tribu bat sortzea pentsatu zuen eta prozesuaren nondik norakoak kontatuko dizkigu. 

Ortuondoko kideak “Proiektu antikapitalista bat zaintzatik”. Ortuondo gaztetxeko partaideek beraien proiektuaren berri emango digute. Kapitalismoaren eta sasi-alternatiba faltsuen aurrean bizipen bat aurkeztuko dute. Zaintza haientzako zer den definituko dute, hemendik abiatzen baita proiektua.Kapitalismoak zaintza asimilatzeko zailtasunak ditu, ez ote dago hor giltzarrietako bat?

Bilgune Feministako kide bat “Zaindu maite duzun hori”. Bilboko Bilgune Feministak sortutako zaindu maite duzun hori tailerra aurreko jardunaldietan estreinatu genuen eta gerora beste herri batzuetan garatu. Guzti hauetatik bildu ditugun ondorioak batu ditugu, hausnartzen jarraitzeko eta alternatibak eraikitzen jarraitzeko tresna bezala.

Beraz, egitarau mamitsua, giro bikaina eta luntxak egongo direla jakinda… ez al zarete animatuko?

Gure buruaren jabe izan nahi dugulako eta bizitza modu zoriontsu, osasuntsu eta askean bizi nahi dugulako: NI + ZU + GU = Nola egingo dugu? ANIMATU ETA PARTE HARTU!

 

@BilbokoBf 

Egitaraua

Otsailak 11 osteguna: Boteretze feminista martxan! KRML Bizirik

Otsailak 17 asteazkena: Bizipoza VS Kutsadura. Harremanen eragina egunerokotasunean

Otsailak 22 astelehena: Posiblea da feminismoan bizitzea. Esperientzien mahaingurua

Otsailak 27 larunbata: Danok eskola feministetara!

Saio guztiak 19:00etan izango dira Zirika gunean (Ronda 12).

[2016-02-11] Burujabe eta aske izateko