Gure eragite esparrua gazte asanbladak eta gaztetxeak izanik, gure ekintzetan erdigunekoak izango ziren hiru kontzeptu nagusi identifikatu genituen, okupazioa, autogestioa eta erresistentzia; eta horien aldeko ekimenak egitea izan da gure xedea. Horrela, momentuan momentuko testuinguruan eragiteko asmoz, ez dira gutxi izan aurrera eraman ditugun mobilizazio eta dinamikak: 2017ko urrian okupazioaren alde egindako manifestazioa edota iazko kurtsoan zehar martxan jarritako “autogestioari ekin” dinamika, besteak beste.
Edozein kasutan, aurreko urteetako jarduna oso oparoa arren, ezin ukatu azken hilabeteotan GAS tope batzuk jotzen ari zela, eta etor zitekeen egoeraren aurrean, gero eta agerikoagoa egin zitzaigun proposamen berriak egiteko beharra. Zentzu horretan, gazte asanblada eta gaztetxeen arteko saretzea eraginkortzeko, gure jardun politikoari egotzitako kontzeptu nagusi horien ulerkera partekatuan sakondu behar genuela bistakoa zen. Izan ere, oinarri politiko adostu eta sendorik izan ezean, GAS osatzen dugun gazte asanblada eta gaztetxeen arteko saretzea azalekoa besterik ez bailitzateke izango.
Hortaz, antzematen genituen gabeziak eta inertziak ekidite aldera, barne eztabaida prozesu bat ematea erabaki genuen iazko udan, Bilboko gazte asanblada eta gaztetxeen arteko jardunari perspektiba partekatua eman ahal izateko. Bide horretan, asmoa izan zen urria eta azaroan zehar okupazioa, autogestioa eta erresistentziaren kontzeptuen bat-bateko azalpenez harago, epe luzeagoko proiekzioan kokatzea kontzeptuok, gure jardun politikoaren helburu orokorrak argitzen saiatuz. Hortik abiatuta, datozen hilabeteetarako proposaena zehaztea izan zen gure nahia. Idazki honetan, eztabaida prozesuaren ondoioen berri eman nahiko genuke, hemendik aurrerako gure ekinbidea azaltzeaz batera. Ezer baino lehen gaur egungo sistemaren ezaugarritzea egiten hasi ginen, ez badugu mugitzen garen jokozelaia ezagutzen, nekez jakingo baitugu nola eta zeren kontra ekin. Hurrengo lerroetan ateratako argipenak mahai-gaineratu nahi ditugu.
Inguratzen gaituen gizartearen helburua diruaren etengabeko metaketa da. Hala ere, bistakoa da aberastasuna pilatzen dutenak berau ekoizten dutenak izan ordez, diruaren metaketarako bitartekoen jabe diren horiek direla. Honek esan nahi duena da, bizi garen sisteman, gutxi batzuk zenbat eta boteretsuagoak eta aberatsagoak izan, gizartearen gehiengoa orduan eta miseria egoera handiagoan bizi dela. Halaber, miseria hau, zalantzarik gabe, egungo krisiaren testuinguruan izugarri aregotzen da. Agerikoa da txirotasuna ez dela pertsonen alferkeria edo ekintzailetasun enpresarial ezaren ondorio, egiturazko egoera objektiboaren ondorio baizik. Hau da, aberastasunaren eta apropiaziorako bitartekorik ez izatea da gizartearen gehiengoa garen horiek bultzatzen gaituen gutxi batzuen mesederako lan eta bizi behar izatera. Hori da, hain zuzen, langile klasearen izatearen kondena eta funtsa.
Horrela, langile klasekoak bihurtzen gaituena ez da lan egite hutsa, ezer gabe eta beste batzuen meende bizitzera kondenatuta egotea baizik. Egoera horretan aurkitzen garen eta etengabe infantilizatzen gaituzten ikasleak; etxeko langile gisa jarduten dugun edota gure senarraren hatzaparretatik ihes egin ezinik gauden emakumeak; bizi osoan lanean eta etorkizuna kolokan dugun pentsionistak, edota kontraturik gabe lanean aritzen garen gazteak, kate berdinek lotzen gaituzten heinean, langile klasekoak garela diogu.
Testuinguru honetan, gazteria langileari zuzentzea dagokigu, horren baitan kokatzen delarik gure gazte asanblada eta gaztetxeetako jarduna. Zentzu horretan, okupazioa ezinbestekoa bihurtzen da ezer gabe bizirautera kondenatuta gauden gazte langileontzat, sistema kapitalistak dakarzkigun zapalkuntzen aurrean babesteko arma zaigularik. Bizitzeko, antolatzeko, bestelako harreman ereduak ensaiatzen hasteko edota kultura propioa ekoizteko espaziorik aurkitzen garenoi azpiegitura berreskuratzea ahalbidetzen digu okupazioak. Hala ere, jakin badakigu berreskuratzen goazen espazioak kapitalismoaren jabetza pribatuaren aurkakoa den jabetzaren logika bistaratzen duten heinean, etengabeko arrisku egoeran aurkitzen direla. Arrisku horren aurrean modu eraginkorrean erantzuteko, erresistentziarako mekanismo kolektiboak garatu behar ditugula ulertzen dugu, hau da, espazio bakoitzak dituen indarrak behar kolektiboen esku jarri beharko lituzke, eta dituen beharren arabera jaso. Esperientziak erakutsi digu eraso eta desalojoen aurrean ezin dugula era indibidualistan erantzun, eta kolektiboki jardutea dela arriskuan dagoen espazioa babesteko aukera bakarra.
Injustizia egoera honetan antolatzeari ekin diogun gazte asanbladen eta gaztetxeen arteko saretzea da gas, eta saretze hori ahalik eta sendoena, iraunkorrena eta sakonena izan dadin egingo dugu lan datozen hilabeteetan. Gazte asanbladek eta gaztetxeek aurkitu ditzaketen muga eta oztopoak gainditzen lagunduko digun tresna izatea nahi dugu. Okupazioa eta erresistentzia posible bilakatzeko eta gazte asanbladen antolakuntzarako gaitasunak handituko dituen herraminta izango da GAS: gazte asanbladek identifikatzen dituzten beharren araberako erantzun kolektiboak antolatuko dituena. Esaterako, espazio okupaturen batean konponketak egin behar badira baina horretarako nahikoa kide ez badago, GAS osatzen dugun guztiok arduraz eta elkartasunez erantzutea izan daiteke bide egokia. Apostu zehatzak eta lorgarriak egingo ditugu, gazte asanblada eta gaztetxeetako kideok lan antolatu eta ekimen bateratuen bitartez elkartuz. Gazte asanblada eta gaztetxeetako kideon arteko harremanak proiektu batek elkartzen gaituen heinean sendotzea da gure apostua, bakoitzak ditugun beharrak elkarrekin asetzearen ondorioz indartu daitezen.
Argi dago lan asko dugula oraindik egiteko, Bilbon auzoen arteko banaketa gero eta hadniagoa den heinean, gazte asanblada eta gaztetxeetako asaretzea indartzea ez baita erronka makala. Konpromisoz, ilusioz eta arduraz helduko diogu.