"Asko gara Bilboko gazte feministak eta indartsu zein borrokarako gogoz gaude"

Borroka feministak indarra hartu du azken urteotan Euskal Herrian, Bilbo eta bere inguruak horren isla direlarik. Emakume ugarik egin dugu feminismoan bizitzeko apustua eta horren adierazle dira dauden talde eta mugimendu feminista guztiak.

Antolatzen ari gara, bakoitza bere erara, baina batzen gaituen helburu komuna dugu: sistema heteropatriarkal honekin bukatzea eta feminismoa lau haizetara zabaltzea. Egoera hau izanda, gazte feministok espazio propioaren beharra sentitu genuen. Borroka honetan murgiltzen ari zirenen eta ibilbidea duela urte batzuk hasi zutenen artean aliantzak sortzeko beharra, besteak beste. Gazte eta feministak garen heinean, asko dugu esateko eta elkarrekin egiteko. Hori dela eta, indarrak metatzeko erabakia hartu genuen ikasturte hasieran, olatu morea gero eta handiagoa zein eraldatzaileagoa bihurtzeko. 

Testuinguru honetatik abiatuta sortu genuen Bilboko Gazte Feministon Sarea, institutuetako eta auzoetako gazte talde feministon bilgunea. Sortu berri dugun abentura honetan asko dugu emateke eta bizitzeke, baina bidea hasi dugu eta pausu batzuk eman ditugu dagoeneko. Sarearen funtzionamendua eta izaera definitzeaz gain, gai desberdinen inguruko lanketak egin ditugu. Horren adibide dira SanValentHIL eta mozorro sexistak salatzeko egindako kanpainak. Horrez gain, ahalduntzerako eta aliantzak sortzeko espazioak sortu ditugu ere. Apirilaren 21ean antolatu genuen ginkana feminista Bilboko Gazte Sare Feministan parte hartzen dugunok elkar ezagutzeko eta indarrak hartzeko lehen aukera informala izan zen. 25 neska inguru bildu ginen Deustuko Done Petri plazan, eta izugarrizko giroaz disfrutatzeko aukera izan genuen, tartean, historia feminista birgogoratuz eta Bilbon gertatzen diren azkenekoak komentatuz. 

Esan bezala, asko gara Bilbo inguruko gazte feministak eta indartsu zein borrokarako gogoz gaude. Ingurua astintzea eta feminismoan bizitzea dugu helburu eta horretarako, elkarlana beharrezkoa da. Sareak egitea eta zubiak eraikitzea ezinbestekoa dugu Euskal Herria morez tindatzeko eta gu, horretan gabiltza. 

GORA BORROKA FEMINISTA! GORA BILBOKO GAZTE SARE FEMINISTA! GORA GU!