Beldurra aldez aldatuko da

Erabiltzailearen aurpegia Bilboko sare feminista 2014ko abu. 16a, 17:04

Beste uda bat non Donostin; Baionan, Algortan... hainbat eraso sexista salatu diren, oraingoan ere mugimendu feminista ez da geldirik geratu.

Prebentzioa oinarrizkoa da, baina ez nahikoa. Erasoei aurre egiteko autodefentsa feminisa izan da giltza Euskal Herriko herri eta auzo ezberdinetan. Bilboko sare feministatik ere aldarrikapen honekin bat egiten dugu.

Instituzioek eskaintzen dizkiguten soluzioak ez dira nahikoa, eta herritarren esku dago soluzioa. Autodefentsa feminista eragileetatik haratago doa, emakume guztiok norbanako gisa hartu behar dugun konpromiso eta jarrera da.

Beldurraren bitartez menpeko izan nahi gaitu sistema heteropatriarkalak; ez zaitez etxera bakarrik joan, kontuz kale horretatik joaterakoan... Nazkaturik gaude, emakumeak izateaz beldurra sentitzen dugunak, indarkeria jasan eta gainera isildu behar garenak.

Indarkeria ez dira soilik jipoi eta bortxaketak, emakumeok txosnagunean eta gure inguru hurbilean jasan behar izaten dugu, guztion “oniritzi” pasiboarekin.

Ahula eta menpekoa izateari uzten diogunean, biolenta, histerika edota esageratutzat hartzen gaituzte. Baina, zer da biolentzia? Zure gorputza eta eskubideak defendatzea? Ala ipurdia ikutu, “piropo” lizunak esan, bortxaketak...? biolentzia etengabeko beldurra sentitzea da eta ez gaude horrela jarraitzeko prest.

Denok ez dugu indarkeria hau era berean ikusten, jendarte patriarkalean boterea duzuenok ezin dezakezue imaginatu ere, zertaz ari garen beldurrataz hitz egiten dugunean. Horregaitik, zuek, mozkortiak, testosteronikoak, babosoak, ez zarete inor gu epaitzeko, ez dugu zuen iritzi ez aholku paternalistarik nahi, gure bizitza eta gorputza direlako jokoan daudenak.

Biolentziarekin erantzungo diogu zuen biolentziari, emakumeon arteko elkartasunaz baliatuz. Egoerari buelta emango diogu eta beldurra aldez aldatuko da. Edozein kaleetatk joango gara etxera bakarrik, ziur eta harro, beldurrik gabe. Badakigulako ez gaudela bakarrik, asko gara eta erantzun egingo dugu.

Zuek, erasotzaileak, “graciosillos de la noche”, matxiruloak, babosoak... txosnaguneetan, kale ilunetan, txisaguneetan hasi zaudetela, hasi beldurra sentitzen, zuek zarete arriskuan zaudetenak, ez dugu eraso bakar bat ere ez onartuko, zuek sentituko duzue degradatuak zaretela, zuek zaretelako jendarte honetako eskoria.

Horregaitk, emakumeak, hasi jabetzen , hasi erantzuten, hasi beldur gabe bizitzen, asko garelako, indartsuak eta ausartak. Aste nagusian babosoak maratuko ditugu, guztiok jakin dezagun nortzuk diren. Erasotzailerik gabeko jaiak izatea denon ardura delako, ez izan zalantzarik: babosoak errekara!

BELDURRA ALDEZ ALDA DADILA!

KALEAK GAUAK GUREAK DIRA!

GORA BORROKA FEMINISTA!