Bizipoza eguna Uribarrin

Erabiltzailearen aurpegia Bizipoza 2022ko aza. 10a, 08:00

Azaroak 6an, igandearekin, Bizipoza Eguna ospatu genuen Bilboko Uribarri auzoan. Goizpasa ederra egin genuen auzolanean eraikitako jaian.

Tiboli, Uribarri, Zurbaran eta Zurbaranbarri eskoletako eta Artxandape ikastolako ordezkari eta guraso elkarteek tailerrak antolatu zituzten goizari hasiera emateko. Tailerren bukaerari Porrotx eta Ane pirataren ikuskizunak jarraipena eman zion, eta bertan, aipatutako ikastetxeek eta auzoko hamaika eragilek parte hartu zuten: Auzoa berritzen  merkatarien elkartea, Tanttaka euskara taldea, Bizitegi elkartea, Uribarri konpartsa, Aletu emakume taldea, Iraka talde feminista, Salbatzaile dantza taldea, Kastaños Kantari abesbatza, Gure etxea elkartea eta Peñasakal kooperatiba. Haiekin batera, Bizipozako elkarteetako batzuk ere gerturatu ziren irri, kantu eta dantza egitera, tartean, Bergaratik etorritako Ndank-ndank elkartea, goiz osoan zehar Senegaldik ekarritako oihalekin egindako artisau produktuak eskaini zituena. Gure Señeak, Pausoka, Euskal Herriko Down Sindromearen Fundazioa eta Aspanovas elkarteek ere ez zuten huts egin eta elkartasun olatuarekin bat egin zuten.

Dantzaldiaren bukaeran, beso zabalik hartu zituzten Peña Uribarriko kideak, aurresku, txalo eta esker hitzen artean hunkituta oroigarri txiki bat eskuen artean heltzen zutelarik. Peña Uribarri duela 50 urte baino gehiago Uribarrin jaio zen helduentzako aisialdi elkartea zen, bidaiak, topaketak eta abar antolatzen zituena. Jarduna eten zutenean, Bizipozari bere egoitza dohaintzan ematea erabaki zuten eta haiei esker, Matiko kalean dugu Bizkaiko egoitza. Peña Uribarrik, bizipoza landatu zuen auzoan duela hamarkada batzuk eta gaur egun, zuhaitz txikia da dagoeneko. Elkarrekin eta auzolanean zainduko dugun zuhaitza Uribarriko Olaia gazteak apaindu eta margotutako ontzi koloretsuan ibiliko da auzoan zehar, ikastetxeetan, dendetan eta abarrean, ikusten duen oro Bizipozaz, tristurez, pozez, gure artean ez daudenez eta doluaz hitz egitera gonbidatuz.

Jaia borobiltzeko, Euskaraldiaren iragarpena eta dantza ikasteko aukera izateaz gain, bertaratutako guztiek, auzoko merkatariek prestatutako hamaiketakoa dastatuz Diberjentes taldearen kontzertuaz gozatu zuten. Gazte taldeak “Gu gara Bizipoza” abestia jo zuen jendaurrean lehen aldiz, Bizipozarekin elkarlanean sortutako kantua. Abestu eta dantzatzeko aukera guztiak probestuta, jaiari itxiera eman zitzaion ordu biak aldera. Esker hitzak, hunkidura eta irribarreak nagusi izan ziren igande goizean eta orain, harremanak sendotu eta elkarrekin Uribarri bizipozten jarraitzea dagokigu. Aupa Uribarri eta gora Bizipoza!