"Ingeniaritza eskolan gertatutakoak hezkuntza sisteman sortzen dugun kontraesana erakusten du"

Erabiltzailearen aurpegia Buiaka! 2016ko mar. 16a, 09:06

Astelehen gauen desalojatu zuen Bilboko Ingeniaritza eskolako Herri Unibertsitatea ertzaintzak, zentroko zuzendaritzaren aginduz. Desalojo mehatxuaren aurrean barruan geratzea erabaki genuen ikasle batzuek, eta 41 ikasle identifikatuak izan gara espazio publikoaren okupazioa eta autoritateari erresistentzia larria egitea egotzita; baita UPVren aldetik espediente disziplinarioa irekitzeko mehatxupean gaude.

Une berean Sarrikon zein Leioako kanpusean, eta aurreko asteetan Gasteizko eta Ibaetako kanpusetan egin bezala, San Mameseko ikasleok ere, herritik eta herriarentzako hezkuntza proiektua San Mameseko Ingeniaritza eskolan eraikitzea erabaki genuen, gaua pasatzea barne. Baina gainontzeko zentroetan aurrera eraman daitekeena ezin izan da San Mamesen burutu.

Zentzu horretan, lehenik eta behin ingeniaritza eskolako zuzendaritzaren jarrera autoritarioa salatu nahi dugu, hasierako unetik ikasleok erabakitik baztertuz, inolako azalpenik eman gabe, guk hartutako iniziatibak debekatuz. Azken urteetan ohikoa izan da zuzendaritzaren partetik antolatzen garen ikasleon gaineko kontrola eta jarraipena, baita planteatzen ziren dinamika ezberdinen baimena arbitrarioki ukatu eta azpijokoan aritzea, esaterako antolatutako jardunaldi batzuen debekuaz jakinaraztea hizlariei bertako ikasleoi jakinarazi gabe.

Onartezina iruditzen zaigu, San Mameseko ikasleak egoera honetan egotea, EHUko gainontzeko ikasleek aurrera eraman ditzaketen dinamikak aurrera eraman ezin izanda, eta eramandako kasuan eskertuta egon beharko ginakeela entzun behar izateaz. Ikasleok subjektu kolektibo bezala ukatzen gaituen, gure jarduna sistematikoki oztopatzen duen, eta ikasleon  ahalduntzerako Herri Unibertsitatea bezalako ekimen bat  desalojatzera ertzaintza bidaltzen duen zuzendaritza batek ez du zilegitasunik guretzat. Honen aurrean, astelehen gauean hartutako jarrera desobedientea berresten dugu "orain arte lortutako eskubideak ezabatzeko" mehatxuaren aurrean. Beraz, eta EHUko beste zentro batzuetan ekimena aurrera eraman den heinean, EHUri posizionamendu argi bat exijitzen diogu: edo zuzendaritzak hartutako jarreraren konplize izatea, edo ikasleon aldekoa.

Baina hau ez da San Mameseko ikasleon aurkako eraso bat soilik, ezta eskolako zuzendaritzaren jarrera autoritarioak eragindako eskubideen urraketa bakarrik. Astelehenean ingeniaritza eskolan gertatutakoak erakusten du Herri Unibertsitateak garatuz egungo hezkuntza sistemaren baitan sortzen dugun kontraesana. Merkatuaren eta kapitalaren mesedetara eraikitako unibertsitateak, ikasleak desjabetu egiten gaitu, subjektu bezala ukatuz; eta praktika autogestionatuen bidez herriarentzat hezkuntza sortzea planteatzerakoan bi ereduen arteko talka ekidinezina da: kanpus eta fakultate gehienetan dekanotzek kontzesio bidez egiten diote aurre egoerari, baina San Mamesen talka honi eta ikasleon determinazioari, mehatxu eta indarkeriaz erantzun diote.

Argi dago beraz, merkatuaren logikari erantzungo ez dion unibertsitate eredu bat beharrezkoa dugula, eta ikasle antolatuak garela eredu horren eraikuntzan bidea egiteko berme bakarra, ez baitago ez EHUn ezta Euskal Herriko gainontzeko unibertsitateetan, merkantilizazioaren bidea alde batera utzi eta herriaren beharrei erantzungo dien hezkuntza bat eraikitzeko norabidean lan egiteko prestutasunaren zantzurik. Hori dela eta  Bilboko Herri Unibertsitatearen baitan antolatzen garen ikasleok, ikasleria osoari dei egiten diogu antolatzera, eta esparru guztietan, fakultate guztietan, hezkuntza eraldaketarako praktika ofentsiboak  garatzera, inori ez ezeri itxaron gabe, herriarekin eta herri mugimenduarekin sareak sortuz.

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu eliteen mesedetarako komunikabideek zabaldutako gezurren aurrean gurekin harremanetan jarri eta mezua zabaltzen lagundu gaituzuenoi, baita elkartasuna adierazi diguzuen guztioi.

IKASLE BORROKAZ LORTUKO DUGU! GORA HERRI UNIBERTSITATEAK!

Hemendik aurrerakoak:

· Martxoaren 17an, prentsaurrekoa 10:30tan, Ingeniaritza eskolako G eraikineko sarreran.

· Martxoaren 22an, 14:00tan, erantzun kolektiboa artikulatzeko asanblada fakultatean, Von Siemens plazan.