uriola.eus

Bilboko Herri Unibertsitateak badu egitaraua

Erabiltzailearen aurpegia   Hezkuntza

"Kritikotasuna landu eta alternatibak eraikitzeko" jarduera mordoa antolatu dituzte hiru egunetan zehar. Aurtengo Bilboko Herri Unibertsitatea "inoizko itzelena" izango dela aurreratu dute.

Hiru egunetan hiru campusetara zabalduko da aurten Bilboko Herri Unibertsitatea. Otsailaren 26tik 28ra, Deustu, Sarriko eta San Mameseko campusetan hainbat hitzaldi, mahai inguru eta tailerretan parte hartzeko aukera izango da. Jardueretan parte hartuko dute, besteak beste, AKAB, GAS, Errekaleor, GES, Kitzikan, UCPC, Asier Blas, Askapena, EKT Sarriko eta Ingeniaritzako ikasleek. 

Deustuko Unibertsitatean gaurkotasun handiko gaiak jorratuko dira otsailaren 26an goiz zein arratsaldez, besteak beste, okupazioa, errepresioa, segurtasun informatikoa, autogestioa, emakumeak eta kartzela, generoa eta klase borroka, feminismoa, mikrohomofobiak edota homomatxismoak.

Bazkaria eta afaria hiru eurotan eskainiko dute. Gosaria doakoa izango da.  

Otsailaren 27an Ekonomia eta Enpresa fakultatean, Sarrikon, goizetik arratsaldera luzatuko dira jarduerak. Hezkuntza sistema, euskara eta nazioa, XXI. mendeko euskalgintza eta gazteak, Che Guevararen pentsamendua, inperialismoa, tamilen borroka armatua edota armagintzaren industria Euskal Herrian izango dituzte aztergai.

Bilboko Ingeniaritza Eskolan, San Mamesen, emango diote amaiera Herri Unibertsitateari otsailaren 28an. Goizera mugatuko diren ekimenetan ekonomia politikoa, teknologia, komunismoa, gentrifikazioa, tertziarizazioa eta hiri ereduak bezalako gaiak landuko dituzte.

Amaiera ekitaldia 13:30ean izango da. 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa