Bilbon egoitza duen EDE Taldeko 235 langileek (EDE Fundazioarekin, Suspergintzarekin edo Susperturekin kontratua dutenek) normaltasunez kobratzen dute soldata hilez hil; bitartean, “st3 elkarteko 15 langileek ez dituzte kobratu ez udako aparteko pagaren erdia, ez urriko lansaria”, CNTk dioenez. Halaber, “langileok informazioak jaso dituzte entitate horretako arduradunengandik; haien arabera, hurrengo hiletan ere ez dute kobratuko”.
Horren aurrean, CNTko sekzio sindikalak hainbat galdera planteatzen ditu enpresaren egoeraren inguruan: nola da posible entitate batek arazorik gabe ordaintzea langileen % 94ri, eta pagatu ezin izatea gainontzeko % 6ari? Nola da posible talde batek dirurik ez izatea soldata gutxi batzuk ordaintzeko, irabaziak izan dituenean azken bi ekitaldietan, 2016ko Memorian agertzen den moduan? Zer dela eta enpresa-talde batek erabaki du, lau entitateren kudeaketa ekonomiko eta finantzarioa bere gain duelarik, soldatak pagatzea horietako hirutan, eta ez laugarrenean?
Zentral anarkosindikalistak azpimarratu duen moduan, “Badaude, egon, arrazoi nahikoak EDE Taldeko gainontzeko langileek elkartasun osoa adieraz diezaiegun st3ko beharginei”. Izan ere, bidegabekeria da langile horiek legez dagokien lansaria ez jasotzea, hilez hil, egindako lanaren truke; ez kobratzeak diru-arazo garrantzitsuak sortu dizkie langileei eta euren familiei; eta, gainera, estu eta larri eta zalantzaz beteta bizi dira, ez baitakite hurrengo hilabeteetan kobratuko ote duten ere.
Horrez gain, hainbat datu ezagutzen dituzte, zeinen arabera EDE Taldeko arduradunen asmoa baita st3 elkartea hartzekodunen konkurtsora eraman eta, ondoren, ixtea. Hori jakiteak “gaitzespenik handiena erakustera garamatza, horrela funtzionatzea gehiago dagokie-eta tranpati iruzurgileei ganorazko entitateei baino, batez ere legea urratzen badute beti esan arren pertsonak dituztela ardatz”.
Horregatik guztiagatik, eta erasooi aurre egitekotan, sekzio sindikalak entitateko langile guztiak animatzen ditu antolatzera eta beren burua defendatzera, eta dei egiten die EDE Taldeko enparauko langileei informazio guztia jaso eta aurrekoei elkartasuna erakusteko, “zeren eta st3koak gure lankideak baitira, eta haien eskubideak defendatzea geureak defendatzea ere baita”, adierazi du CNTk.