Bertako kideen esperientzia pertsonaletik ezagutuko dugu LABeko Heldu eta Pentsionisten Arloaren sorreratik, 2008an Gernikan, pausuz-pausu joan dena gaur egun dugun mugimendu izugarria bihurtu arte.
Langileen baldintza materialak hobetzea eta proiektu emanzipatzaile batean indarrak artikulatzea izan da klaseko sindikalgintzaren, eta bereziki LABen, helburu eta ipar. Langilearen subjektuaren artikulazio berriaren inguruan hitz egiten gauden garai hauetan, atzera begiratu eta balorean jarri behar duguorain dela 10 urte LAB Helduak eta Pentsionisten Arloa martxan jarri genuela.
Ordura arte ez zegoen euskal sindikalgintzan jubilatu ondorengo mugimendu antolaturik. Bazirudien langileok, lan-garaia bukatu ondoren, ez ginela langile subjektu artikulatua, eta ez genuela lekurik langile mugimenduan. Nolabait arrazoia ematen genion betidanik kritikatu dugun zerbitzuen sindikatuen ereduari. Zalantzarik gabe, ikusten genuen sindikatutik egin zitezkeen ekarpenak izugarriak zirela eta aldi berean, etorkizunari begira, jendarteri ere izugarrizko ekarpena egin ahal geniola. Helburuak ezartzerako orduan, argi zegoen zein zen gure leit-motiva: “Hemen lan egin dugu, hemen kotizatu dugu, hemen kudeatu nahi ditugu gure bizitzaren azken urratsak”.
Hala ere, behar hau ez zen LABen hasten eta LABera soilik mugatzen. Ateak irekita utzi nahi genituen elkarlana zabaldu zedin, betiere aurretik aipaturiko esaldia hizpide genuela. Horrela jaio zen, emakume eta gizon askoren lanarekin, Bizkaian Pentsionistak Martxan plataforma eta Hego Euskal Herriko beste herrialdeetan beste hainbeste plataforma. Zenbateraino jendarteratu ditugun pertsona nagusien egoerak, nola kaleratu ditugun gure aldarrikapenak eta proposamenak, zenbat mobilizazio egin diren... argi eta harro esan behar dugu gaur egun sortu den mugimendu zabalaren atzean, LABek egin zuen apustua dagoela.
Atzera begiratzea garrantzitsua da oso, aurrera begira pauso sendoak emateko. Pentsionisten mugimendua gai izan da astez aste bere mobilizazio indarra mantentzeko eta politika publikoak baldintzatzeko. Pentsionisten mugimendua gai izan da aberastasunaren banaketaren gaia agenda politikoaren erdian jartzeko (pentsioen afera finean hori baita, aberastasunaren banaketaren beste elementu bat). Pentsionisten mugimenduak, halaber, milaka eta milaka euskal herritar, eta bereziki emakume pentsiodun, duintasunez bete ditu. Oraindik asko dago egiteko, esate baterako, 1.080 eurotako gutxieneko pentsioa lortzea, euskal sistema propioa garatzea, emakume pentsionistek mugimendu feministarekin aliantzan sakontzea edota emakume alargunei gutxieneko bizi baldintzak bermatzea. Orain arteko bidean zehar izan den bezala, ezinbestekoa izango da LABeko pentsiodunen kidego guztia antolatuta eta prest egotea. Aurreko Hedu eta Pentsionisten Arloko asanbladan kide batek aipatzen zuen bezala, “milaka dira epe laburrera jubilatuko diren LABeko afiliatuak”. Zehazki, 9.000 inguru izango dira gaur egun 60 urtetik gorako sindikatuko kideak.
Imajinatzen al duzue, potentzial hori guztia artikulatuz gero, zer egiteko gai garen? Ez dago inor geldituko gaituenik! Pentsionistak aurrera!