Laneko biolentzia arazo sozial larria da, arazo estrukturala, inposatzen diguten politika neoliberalen ondorio zuzena. Hildako langileen zenbakiek zer pentsatu eman beharko lukete. Hala ere, gaiak daukan gordintasunean azaleratzeko, ez dago interesik Hego Euskal Herriko gobernuen aldetik. Ez da guzti honen atzean dagoen patronalari buruzko irakurketa politikorik egin nahi. Botere politiko zein instituzionala behin eta berriz lerrokatzen dira patronalarekin, beraien prekarizazio politikak bultzatuz eta babestuz.
Izan ere, prekarietatea, enpleguaren kalitate eskasa eta prebentzio neurri egokiak ez hartzea dira lan istripu eta gaixotasunen oinarrian dauden egiturazko arrazoiak: azpikontratazioa, aldi-baterakotasuna, kontratu partzialak, lan erritmo biziak, formakuntzarik eza...
Larriena dena da, honen atzean dagoen anbizio bakarra, enpresen diru gosea dela. Lan kosteak murriztu eta irabazi tasak mantentzeko sakontzen da prekarietatean, eta ez da prebentzio neurririk hartzen. Batzuk gehiago irabazten jarraitzeko, gero eta gehiago dira egunero egunero, beraien bizitza arriskuan jartzera behartuak, baita hiltzen egiten diren langileak.
Istripu ia guztiak oinarrizko segurtasun neurri batzuekin ekidin zitezkeela azpimarratu nahi dugu. Prekarietate egoera gordinetan gertatutakoak izan dira, eta horrelako kasuek agerian uzten dute prebentzio arloan atzera goazela prekarietatearen ondorioz. Hau oso larria da, hildako hauek ekidin zitezkeelako.
Lan istripuen gorakada ez da jarduera ekonomikoaren hazkundearen ondorioa, erakundeak orain arte esan duten moduan, prekarizazio politikaren ondorioa baizik, baita erakundeak lan osasunean egiten ez duten kontrol zehatzarena ere.
Lan arriskuen prebentzioan behar diren neurriak hartuz gero eta sortutako enplegua kalitatezkoa balitz, lan istripuek ez lukete zertan igo behar. Lan gaixotasunei dagokionez, mutualitateek ukatu egiten dute patologien laneko jatorria, enpresek egiten dieten presioa onartuz.
Gizarte Segurantzaren Institutu Nazioanalak, era berean, mutualitateen irizpideak jarraitzen ditu eta gaixoek epaiketa luze eta bihurriei aurre egin behar diete laneko gaixotasunak onartuak izan daitezen.
Estatistikek argi uzten dute lan istripuetan jazotzen den heriotza bakoitzeko lan gaixotasunek 18 heriotza eragiten dituztela Europar Batasunean. Baina horrelako parametroak neurtzen dituen estatistikarik ez da existitzen, datuak eta ondorio hilgarriak ezkutatuz.
Eskandalu bat da, urtero, lan egiteagatik hamarnaka hildako egotea. Confebaskek ez du arazo honi buruz ezer jakin nahi. Osalaneko zuzendariarentzat, lan istripuak jendarte osoaren porrota dira euskal erakundeen ahotik ere ez dugu prekarizazio politikaren salaketarik entzun, babesa baino, ezta familia eta lankideekiko egiazko elkartasun mezurik ere. Langileok bakarrik gaude, hildako horien atzean dauden historia pertsonalak ez dira ezagutu ere egin nahi.
Baieztatu ahal dugu gure lan harremanetan dagoen prekarietatea dela lan istripu eta gaixotasunen oinarrian dagoena. Hego Euskal Herriko gobernuek murrizketak egin dituzte lan osasunera bideratutako gastu publikoan, eta babesa aitortzen diote patronalari bere prekarizazio politiketan.
Ez dago enpresen gaineko benetako kontrolik, ikuskaritzarik edo zigor eredugarririk. Krisiaren aitzakiarekin, enpresa askotan prebentzio arloko inbertsioak murriztu egin dira. Irtenbide baten bila ezinbestekoa litzateke enplegu duina eta kalitatezkoa sortzea, osasuna bermatuko duena, eta prekarietatea ezabatzeko enplegu politikak aldarrikatzea.
Lan osasun politikak errotik aldatu behar dira. Hori eskatzen diegu gobernu guztiei, eta horretarako behar diren baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak handitzea. Lan gaixotasunei beharrezkoa duten zentraltasuna eman behar diete lan osasun politiketan. Sarraski honekin bukatzeko, lehen mailako arazo politikoa bilakatu behar dute.