Kapital vs bizitza gatazkaren ondorioak gero eta gordinagoak dira eta langileon kontrako erasoak etengabeak dira. Langileria zatitu, ahuldu eta prekarietatea legeztatu egin da.
Langileon defentsa kolektiborako bitartekoa den negoziazio eskubidea urratu egin dute. Era berean, prekarietate modu zaharrekin batera, lan harremanen goitik beherako aldaketa ekarriko duten prekarietate modu berriak ugaritzen ari dira.
Guzti honekin batera, borroka sindikal zein sozialaren kriminalizazioa ematen da. Sisteman integratu nahi ez dugun eta integratzea lortzen ez duten langile eta sindikalistak zigortzeko lege eta errepresio modu berriak inposatu direlarik.
Azken urteetan inoizko aktibazio sozial handiena ematen ari da. Borroka sindikalen ugaritze bat eman da eta hainbat borroka daude zabalik, Negoziazio kolektiboaren inguruan, adibidez Bizkaiko kiroldegiak edo Bizkaiko metalak eta Gizarte Ekimenak izandako borrokak, besteak beste.
Iazko eta aurtengo M8ak borroka feministan mugarri berriak izan dira eta gazteak ikusi ditugu prekarietatearen kontra mobilizatzen.
Pentsiodunen mugimenduren deiari erantzunez antolatu dugu Greba Orokorra. Etengabe mobilizazio indartsuak egiten kalean bi urte eman eta gero, jauzi kualitatibo bat emateko beharra planteatu du mugimenduak, borroka horren alde beste kolektibo batzuk gehituz. Guztioi eragiten digun borroka da pentsio sistema publikoa defendatzea.
Guztiok ezarria dagoen sistemaren kontra eta eredu berri baten alde.
Bankaren interesak ala pentsio publikoak. Patronalaren etekinak ala langileon eskubideak. Kapitala ala bizitza. Horixe da jokoan dagoena eta gero eta indartsuagoak gara pentsio publikoen, langileon eskubideen eta bizitza erdigunean jarriko duen eredu baten alde gaudenok.
Greba Feministek, pentsiodunen mugimenduak edo gazte mobilizazioek aldaketa sozialerako ekarpena egin dute azken urte hauetan. Borroka sindikalak ere ugaritzen ari dira eta urrats berria emateko unea da:
Urtarrilaren 30ean pentsio, lan eta bizi duinaren aldeko Greba Orokorra egingo dugu.
Greba Orokor honen helburua ez da pentsio edo lan erreforma bati erantzuna ematea, greba harago doa.
Lan eta bizi baldintzen prekarizazio prozesuari eta euskal herritarron eskubideen aldeko bideari ekiteko mugarria da.
Bestelako eredu sozio-produktiboa eraiki behar dugu: aberastasunaren birbanaketa, sektore publikoaren lidergoa, eskubideen unibertsaltasuna edo euskararen normalizazioa ardatz nagusiak dituena.
Gaur egungo eredua jasanezina da. Jasangarria izango bada, bizitza erdigunean jartzea lortzen dugulako izango da.
Borroka desberdinak artikulatzeko, borroka guzti horiei bultzada berri bat emango dien mobilizazio orokorragoen beharrazhitz egiten ari gara, GREBA OROKORRAZ hitz egiten ari gara.
Greba orokor bat mugarri soziopolitiko garrantzitsua da. Langileria zein jendarte osoa interpelatzen du, baita eremu politiko instituzionala ere.
Greba orokor bat, zertarako?
Hamaika arrazoi ditugulako LAN, BIZI eta PENTSIO DUINAK aldarrikatzeko.