Egoera guztiz ezhoiko baten aurrean gaude, emergentzia sozial egoeran. Lasaitasunez, elkartasunez eta arduraz, premiazkoa da koronabirusaren hedapenari muga jartzeko neurriak hartzea.
Era berean, gogoratu beharra dago koronabirusarena ez dela premiazko neurriak hartzea eskatzen duen auzi bakarra, aitzitik, gero eta gehiago dira kapitalismoaren garapen suntsitzaileak eragindako krisiak: larrialdi klimatikoa, ingurumena nahiz herritarren osasuna larriki kaltetzen dituzten praktikak (Zaldibarko adibidea), gerra inperialistak, indarkeria matxista, migrazio olde masiboak, gaixotasun berrien agerpena...
Koronabirusaren krisiak sistemaren hutsuneak agerian uzten ditu. Sistema bera dago gaixo:
-
Ez dio zaintzaren gaiari konponbide egokirik ematen.
-
Indibidualizazioa bultzatzen du eta ez du auzolanaren kultura sustatzen egoerari aurre egiteko.
-
Ekonomia lokalaren eta lan duinaren aldeko apustua egin ordez, ekonomia globalizatuaren eta lan kostu merkeen alde egiten du.
-
Sektore publikoa oro har eta zehazki osasun sistema publikoa ahuldu egin du, nahiz pribatizazio eta merkantilizazioaren alde eginez.
-
Neurriak hartzeko orduan, ez ditu langileen egoera eta beharrak kontutan hartzen.
Auzi honi dagokionean ere burujabetza falta nabarmena da: esaterako, Eusko Jaurlaritzak edo Nafarroako Gobernuak eskualde bateko eskolak ixtea erabaki dezakete, baina ezin dezakete erabaki dekretuz eskualde horretako lantokietan zaintzagatiko lizentzia ordainduak ezartzea, eskumen hori Espainiako Gobernuaren esku dagoelako.
Sistemaren krisi berri baten aurrean gaude, edo zehatzago esanda, azken hamarkadan azalarazitako krisi sistemikoaren beste agerpen bat dugu. Premiazkoa da koronabirusaren hedapena eragoztea, noski, baina premiazkoa da, halaber, bizitza erdigunean jarriko duen eredu berria eraikitzen hastea.
Lehentasuna osasuna dela esan digute, hori lehenetsiz ulertu, onartu, bete behar ditugula hartzen diren erabakiak. Herritarrok erantzukizunez eta arduraz jokatuko dugu. Instituzioei berdina egitea eskatzen diegu, lehentasuna osasuna den neurrian, jar ditzatela gure eremuan dauden baliabide sanitario guztiak krisi hau gainditzeko beharrezkoak diren neurrien mesedetan.
-
Osasun zerbitzu pribatua botere publikoen zerbitzura jartzea. Behin-behinean bada ere, gainezka dagoen zerbitzu publikoak duen aterabidea da.
-
Indartu ditzatela behar beste helduen egoitzetako langile taldeak, besteak beste, kontratazio berriekin. Familiek ezin badugu joan, jarraipen zorrotzagoa behar badute pertsona nagusiek, lan gehiago egin behar da eta gainezka daude jada.
-
Lehenetsi dadila osasunaren defentsa neurrien bideragarritasun eta kostu ekonomikoaren gainetik.
Premiazko neurri hauetatik harago, irakaspen estrategikoa atera beharra dago larrialdi honetatik: zerbitzu publikoak ezin dira orain arte bezala murriztu eta pribatizatu; zerbitzu publikoak garatu egin behar dira, herri ikuspegitik estrategikoak baitira.
Koronabirusaren krisiak zaintza krisiaren gordintasuna agerian utzi du, haurrak kutsatu ez daitezen etxera bidaltzearekin bat egoerarik zaurgarrienean diren aiton-amonen gain utzi du administrazio publikoak zaintzaren ardura, kapitalaren eta bizitzaren arteko borroka honetan, berriz ere kapitalaren logika eta interesak lehenetsiz.
Eta, gainera, zer nolako zentzua dauka eskolak eta azpiegitura publikoak ixtea eta, aldiz, enpresa pribatu bakoitzari egoera nahi duen bezala kudeatzen uztea?
Beste kontraesan bat: telelana egitea gomendatzen ari zaizkigu hainbat esparrutan, baina zer gertatzen da fisikoki, industrian edota merkataritzan lan egiten duten milaka eta milaka langile horiekin?
Eta aurretik aipatutakoaren ildotik, eskolak itxi behar badira, nola zainduko ditugu langileok geure haurrak?
Koronabirusaren hedapena mugatzeko pertsonen arteko harremanak mugatzea ezinbestekoa da, ondorioz, Euskal Herria gutxieneko zerbitzuetan jarri beharko litzateke. Alegia, epealdi batez, oinarrizko zerbitzuak mantendu (osasuna, elikadura, garbiketa, energia eta ura, helduen zaintza, zerbitzu sozialak, garraio publikoa) eta bestelako ekonomia jarduera guztiak eten beharko lirateke.
Horretarako Gizarte Segurantzaren prestazio unibertsal bat sortzea planteatzen dugu, langile guztiei soldataren %100 bermatuko diena.
Eta jakina, horren guztiaren kostu ekonomikoa enpresek hartu beharko lukete bere gain. Etekinak daudenean aberasten diren horiek ordaindu behar dute oraingo geldialdia honen kostea. Prestazio unibertsal hau finantzatzeko, enpresentzako eta kapitaleko errententzako zerga berezia sortu behar da.
Hortaz, sindikatu eta patronalak hartutako estatu mailako akordioaren guztiz kontra gaude. Konponbidea ez da enpresen esku uztea Aldi Baterako EEE bidez jarduera noiz aktibatu edo desaktibatzen den, hauek irabaziaren logikari soilik erantzuten baitiote. Interes orokorra gailendu behar da, oraingo honetan osasunaren ingurukoa dena.
Aipatutako neurriaren inguruko gogoeta egitea proposatzen dugu. Eta bien bitartean iragartzen dugu baliabide guztiak jarriko ditugula langileon lan osasuna defendatzeko eta hartu litekeen edozein neurriren kostea langileongan eror ez dadin.
Kapitalak krisi hau langileen eskubideak are eta gehiago murrizteko erabili dezakeela jakitun, edozein erasori aurre egingo diogu. Kapitalaren ordezkariak hasiak dira jada koronabirusak
2008koa baino okerragoa litzatekeen krisi bat sor dezakeenaren errelatoa sortuz, eta horren aurrean argi aldarrikatzen dugu, garaian egin genuen bezala, krisia kapitalak ordain dezala.
Gure sindikatuaren lehentasuna, langileen osasuna, zaintza eta lan eskubideak defendatzea da eta horren mesedetan kokatuko ditugu geure baliabide guztiak.