Aurretik, agerraldia egin genuen ETA erabat eta behin betiko armagabetzen laguntzeko, eta hiru aldiz agertu gara – modu desberdinean – preso gaixoen problematikari eta hurbiltzeari dagokienez.
2018ko abenduan, Bilbon dinamika mobilizatzaile bati hasiera emateko erabakia ezagutzera eman genuen, euskal preso politikoen eskubideak aitortu eta errespetatzeko eskatuz. ELA, LAB, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta ETXALDE sindikatuok hartu genuen parte.
Sindikatuen eremutik, euskal gizarteari, erakundeei eta eragile politiko eta sozialei adierazi nahi genien egungo testuinguruan presoen problematika konpontzea ezinbesteko ekarpena dela bizikidetza demokratikoari eta adiskidetzeari begira, eta gai honetan, eta problematika horri konponbide integrala emateko, lehen urrats argiak eman behar zirela zenbait kontuetan:
a) Gaixotasun larriak dituzten presoei dagokienez, 2017ko uztailaren 5ean egindako eskaera errepikatzen genuen: "Sindikatuok agintari eskudunei eskatzen diegu kontuan har ditzatela estatuko indarreko legeria eta nazioarteko estandar zorrotzenak; horrela, gaixotasun sendaezinak dituzten eta oso larri dauden pertsonak hirugarren graduan sailkatu ahal izango dira eta espetxetik atera ahal izango dira arrazoi humanitarioengatik eta duintasun pertsonalagatik".
b) Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatzea preso dauden pertsona guztiak Hego Euskal Herriko espetxeetara hurbil ditzatela, askatasunaz gabetzeko zigorrak bete ez ditzaten gizartean eta familian errotuta dauden lekuetatik urrun, senideekiko harremana erraztuz.
c) Lehen mailatik bigarrenera bitarteko bilakaera eskatzea, preso bakoitzaren inguruabarrei eta espetxe-egoerari benetan erantzuten dieten oinarrien gainean, espetxe-legeriak zehazten duen bezala.
Eta horrela 2019ko urtarrilaren 18an, hilabete bakoitzeko hirugarren ostiralean, ordu erdiko kontzentrazioa egiten hasi ginen 11:30etik 12:00etara bitartean, Espainiako Gobernuak Bilboko Plaza Eliptikoan duen ordezkaritzaren aurrean, herritarrak eta bereziki langileak, bakoitza bere espaziotik, parte hartzera animatuz, gai honen ebazpenak behin betiko aurrera egin dezan.
2019an hainbat kasuren lekuko izan ginen, eta horien berri eman genuen salaketa gisa. Horrela, maiatzean, aipamen berezia egin nahi izan genion Basauriko kartzelan zegoen eta gaixotasun larria zuen Txus Martin presoaren egoerari.
Irailean, guztira 601 urteko espetxe-zigorra eskatzen zuten 47 euskal herritarrei elkartasuna adierazi genien.
Urrian, Altsasu auziko epaia iritsi zen. 1,5 eta 9,5 urte arteko kartzela-zigorrak 8 gazterentzat, taberna batean izandako liskar batengatik. Ezin bestela izan, egoera hau salatzeko ere tartea hartu genuen.
Eta 2020ko irailean ere, gure dinamikaren hasiera berrian, salaketa-gune honetara eraman dugu Igor González Solaren heriotza. Bi suizidio saiakera egin zituen presoak zigorraren 3/4ak beteak zituen, eta jada aske egon behar zuen.
Laster beteko ditu bi urte ekimen honek, eta balantzea eginez, horretarako arrazoiak gorabehera, oso balorazio positiboa baino ezin izan dugu egin, hainbat arrazoirengatik.
Lehen aldiz, gure ezberdintasun sindikal eta politikoen gainetik, ordezkaritza sindikal anitz bat egiten genuen gure eremutik elkarrekin eskatzeko euskal preso politikoen eskubideen errespetua.
Lehen aldiz, herri mailan ere egiten genuen, Bilbon, Foro Sozialarekin batera adierazpen publikoetatik haratago pauso bat emanez.
Eta batez ere, gaur arte ekarri gaituzten akordioak lortzen jakin genuelako, hasierako uste sendoa galdu gabe.
2020. urte honetan, Sarek IZAN BIDEA, IBILTARIEN SAREA dinamika jarri zuen abian. Dinamika horren bidez, gizarteko hainbat eragile eta espazio aktibatu nahi dira, presoen egoeraren eta horrek gatazka konpontzeko bidean duen garrantziaren inguruan.
Orain arte nagusi izan den logikari jarraituz, hausnarketa komun bat egin genuen horri buruz, eta SAREren dinamika horrekin bat egiteko erabakia hartu genuen, horretarako mobilizazioak berrezaugarritu genituelarik.
Muinari eutsi diogu, zoritxarrez indarrean dirauten aldarrikapenak, bai lekua, eguna eta ordua.
Eta irudia berritu dugu, orain IZAN BIDEA, IBILTARIEN SAREA leloa dugu, baita kontzentrazioen karakterizazioa ere.
Irailaren 18an, etapa berri honetako lehen elkarretaratzean, eta horrelako ekimenen garrantzia are gehiago indartuz, ELA, LAB, UGT eta STEILASeko idazkari nagusiek parte hartu zuten; baita SAREko ordezkari askok ere, Joseba Azkarraga buru zutela; ETXERAT kolektiboko kideek eta deialdia egin zuten sindikatuek.
Urritik aurrera, mobilizazioari forma ezberdinak emango dizkiogu, beti ere helburu berdinekin, baina formatuari freskotasun pixka bat emanez.
Indar gehiagorekin itzuli gara, elkartasun berdinarekin, eta dinamika lehenbailehen amaitutzat emateko asmoarekin, horrek esan nahiko lukeelako gure helburuak bete egin ditugula.
Etxean eta bizirik nahi ditugu. Euskal preso eta iheslariak etxera.