Azaroaren 25ean gure salaketa egingo dugu "indarkeria matxista identifikatu, salatu eta borrokatu" lelopean.
20 urte igaro dira NBEren adierazpen horretatik, baina oraindik oso laburra da egin den bidea. Eta indarkeria matxistak gora egin du hilabete hauetan. Gure bizitzaren prekarizazioa etengabea da eta egoera honetan intentsitate handiagoz gertatzen da, gizarte gisa dugun askatasun-murrizketa argi utziz. Emakumeok, berriz ere, pandemia honen ondorio zuzenenak pairatzen ditugu.
Indarkeria matxista egiturazkoa da eta bizitzako esparru guztietan gertatzen da. Konfinamenduan, eremu pribatuko indarkeria areagotu egin da, baina ez da eremu pertsonal edo pribatukoa. Sistema patriarkalak esleitu nahi digun mendeko lekuan mantentzeko duen moduetako bat da.
Lan-eremuan ere gertatzen da indarkeria hori, bai sektore publikoan, bai pribatuan, etxeko lanean, garraioan... baita gure erakundeetan eta sindikatuetan ere. Guztion ardura da baliabide guztiak martxan jartzea horrelakorik gerta ez dadin. Baina erantzukizun guztiak ez dira berdinak. Lan-eremuan, enpresak izan behar ditu indarkeria mota horiek prebenitzeko mekanismoak, gertatzen direnean aurre egiteko eta konpontzeko.
Sindikalismotik eskatzen diegu enpresei protokolo horiek martxan jar ditzatela gure erantzukizun kolektiboaren parte gisa. Baina ez dugu jokatzen indarkeria matxista gugandik at dagoen zerbait balitz bezala, eta horretatik ez gaude libre.
Guk ere horrelako tresnak ditugu, gure erakundeak indarkeria matxistarik gabeko guneak izatea nahi dugulako. Azaroaren 25 honetan, indarkeria matxistaren aurkako protokoloek gure erakundeetan duten garrantzia azpimarratu nahi dugu.
Indarkeria matxistaren aurrean ezer ez egiteak hura legitimatzea dakar, horretaz ez hitz egiteak ez baitu desagerrarazten, eta uste dugulako, balio feministetan oinarritutako erakunde gisa, indarkeria matxistari aurre egin behar diogula. Gure apustua indarkeriaren ez-zigortzailea, erreparazioa eta erantzukizun komunitarioa da.
Azaroaren 25ean, berriz ere, protokolo espezifikoak eta eraginkorrak martxan jartzeko eskatzen diegu lantokiei. Eta salaketa bat dagoen bakoitzean aktibatzeko eta ikertzeko eskatzen dugu.
Ez digu ezertarako balio protokoloak izateak gero aktibatzen ez badira.
Eta hori guztia exijitzen dugu gure erantzukizunetik eta adibidetik.
Indarkeria matxista identifikatu, salatu eta borrokatu behar dugu. Guztion ardura da.
Aski da!