EH Bilduk eskatu du Eusko Jaurlaritzak, Aldundiak eta Udalak Euskal Errota Handiak eta Kordeleria erostea eta balioan jartzea

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Bizkaia 2022ko abe. 6a, 09:24

Bizkaiko monumentu industrial handienetako baten hondatze- eta abandonatze-egoera ikusita, erakundeek ez dutela beren erantzukizuna betetzen ari kritikatu du.

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak gaur iragarri duenez, EH Bilduk ekimen bat erregistratu du Eusko Jaurlaritzari eskatzeko lan-mahai bat osa dezala Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Bilboko Udalarekin, hiru erakundeek Euskal Errota Handien eta Kordeleriaren eraikin guztiak erosteko edo, hala badagokio, desjabetzeko mekanismo bat adosteko. Eraikinen kontserbazioa bermatzeko, bai eta horiek zaharberritzeko eta balioesteko ere haien balio historiko-monumental eta arkitektonikoaren eta lege-babes mailaren araberako erabilerarekin.

Casanovak EH Bilduk Bilboko Zorrotza auzoan, Euskal Errotak eraikinean, eskaini duen prentsaurrekoan egin ditu adierazpenok, Izaskun Duque Bizkaiko batzarkidearekin eta Asier Gonzalez Bilboko Udaleko zinegotziarekin batera. Izan ere, ekimen bana aurkeztuko dute, bai Batzar Nagusietan, bai Udalean. Bertan, Euskal Errota Handien eraikina, Kordeleria izenez ezagutzen den eraikinaren ondoan dagoena, 2009tik Monumentu kategoriarekin babestutako ondasuna dela gogorarazi du.

“Bizkaiko monumentu industrial garrantzitsuenetako bat da, hormigoiz eraikitako lehen eraikin industriala izan baitzen, eta itsasadarraren ikono bihurtu da; Kordeleria edo Zorroza Errege Ontziolaren Soka Fabrika, berriz, kalamua harilkatu eta txirikordatzeko prozesuaren bidez ontzietarako sokak egiten ziren eraikinik zaharrenetako bat da”, azaldu duenez.

Euskal Errota Handietako eraikinen multzoak balio handia duen arren, Casanovaren esanetan “egungo egoera oso kaskarra da eta jabeen utzikeria erabatekoa, eta hori guztiz bateraezina da monumentutzat hartzearekin eta legez duen babes-mailarekin”.

Gogorarazi duenez, narriadura-egoera aspaldikoa da, eta EH Bilduk ekimen ugari egin ditu hainbat erakundetan eraikin multzo horri balioa emateko, baina, “egoera ikusita, berriro ekitea erabaki dugu”.

Erakundeen arteko jarduera-plana

Horrela, EH Bilduk ekimen bat aurkeztu du, Euskal Erroten eraikinaren inguruan monumentu-multzo bat eratzeko erakundeen arteko jarduera-plan bat ezarriko duen lan-mahai bat sortzeko, izaera historikoa duten gainerako eraikinen (Kordeleria, Zorrotzako Tailerrak, Altzola Zubia…) egoera eta beharrak zehaztuz eta horiek zaharberritzeko eta balioesteko jarduera-plan bat antolatuz, eremuan egon daitezkeen beste jarduera ekonomiko batzuekin bateragarri eginez.

Era berean, EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio, inplikatutako gainerako erakundeekin batera, Euskal Errota Handien eraikinaren estalkia berehala zaharberritzeko bidea adostu dezala, eta monumentuaren narriadura gero eta handiagoa geldiarazteko behar diren gainerako premiazko jarduketak egin ditzala.

Era berean, EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Euskal Errota Handien eta Kordeleriaren eraikinen ingurua balizko arkeologia-gune izendatzeko, eremu horretan egon daitekeen ondare arkeologikoa kontserbatzeko, berreskuratzeko eta aztertzeko beharrezko neurriak hartzeko.

Izaskun Duque EH Bilduko batzarkideak adierazi duenez, “2012az geroztik, Batzar Nagusietan askotan jorratu dugu gaia, eta Aldundiaren erantzuna izan da hainbat aukera aztertzen ari zela. Hala ere, denboraren joanak eta ekintza zehatzik ezak erakusten digute Aldundiak ez duela ezer egiten eraikin enblematiko hau babesteko”. Bestalde, gaineratu du EH Bilduk uste duela euskal erakundeek “ekimena behingoz hartu behar dutela, eta Bizkaiko Aldundiak bere erantzukizunak bete behar dituela”.

Asier Gonzalez Bilboko Udaleko EH Bilduko zinegotziaren hitzetan “Puntazorrotzak etxebizitza, kultura- eta hezkuntza- ekipamenduak, lantegiak eta berdeguneak modu orekatuan uztartuko dituen hirigintza-proiektu bat behar du, Zorrotzako bizilagunen parte-hartzean oinarritua, eta diseinu horretan Euskal Errotak berebiziko pieza da”.

“Erakundeen betebeharra da ondarearen kontserbazioa bermatzea, eta, kasu honetan, ez dira betetzen ari legeak agintzen duen erantzukizuna; beraz, ezinbestekotzat jotzen dugu egoera hori zuzentzea”, ondorioztatu du Casanovak.