'Pinkwashing': LGTBIQ+ harrotasuna negozio hutserako baliatzen denean

Erabiltzailearen aurpegia Niko Cuenca Beristain 2022ko eka. 28a, 11:02

LGTBIQ+ kolektiboaren borrokari etekin ekonomiko hutsa ateratzeko estrategiari deritzo 'pinkwhasing'. Adibideak asko dira: enpresak, markak, herrialdeak... Enpresen alorrean sexu-aniztasuna aintzat hartzen hasi bada ere, oraindik kolektiboko kideen % 30k lanean bazterketa pairatu duela salatzen du.

     Enpresabidea.eus webgunean argitaratutako erreportajea

Ekainaren 28ko data hurbildu ahala, ortzadarrak gure herriko kale eta txoko nagusiak kolorez janzten ditu. Markek ere logoak eta mezuak aldatzen dituzte LGTBIQ+ kolektiboarekiko atxikimendua adierazi nahian. Marketin estrategiak gero eta garrantzi handiagoa duen gizarte honetan, galdera da ea enpresen jarrera hori eraldaketa kromatikoa baino ez den, edo hausnarketa prozesu baten adierazle.

Pinkwashing terminoaren erabilera 1990eko hamarkadan hasi zen Ameriketako Estatu Batuetan. Breast Cancer Action erakundeak bularreko minbiziaren aurkako borrokan aurpegia arrosaz margotzen zuten enpresen hipokrisia kritikatzeko erabili zuen lehen aldiz. Ekintza horiek helburu komertzial hutsak baino ez zituztela eta konpainiek minbiziarekin lotutako egiturazko arrazoien inguruan lanik ez zutela egiten salatu nahi zuen termino berriak. 

LGTBIQ+ kolektiboek ere terminoa bere egin zuten, enpresek gayfriendly diskurtsoa modu hutsalean erabiltzen zutela salatzeko, etekin ekonomikoa erabiltzeko konpainia barruan inolako hausnarketa eta eraldaketarik eragin gabe.

Fernado Altamira Basterretxea bilbotarra sexu eta genero aniztasun arloko ikerlaria da garapen politiketan. INCYDE Iniciativas de Cooperación y Desarrollo aholkularitzako gizarte ekimeneko kooperatibaren sortzailea da, Esther Canarias Fernández-Cavadarekin batera. Hausnarketa estrategikoen plangintzari buruzko aholkularia ere bada. Deustuko Unibertsitatean eta Valentziako Unibertsitate Politeknikoan klaseak ematen ditu sexu eta genero aniztasunaz, erakundeen alorrean. Pinkwhasingaren gaiari heldu aurretik, testuingurua ondo kokatu behar dela nabarmendu du Altamirak, eta hainbat datu eman dizkio EnpresaBIDEAri.

Lana topatzeko orduan LGTBI+ kolektiboko pertsonen % 31k uste dute beste hautagai aurrean desabantaila dutela eta nahiago dute bere sexualitatea ez erakutsi

Hala, lana topatzeko orduan, LGTBI+ kolektiboko pertsonen % 31k uste du beste hautagai aurrean desabantaila duela. Kasu askotan, nahiago dute bere sexualitatea ez erakutsi, beldur diotelako agertze horrek berekin batera beren karrera profesionalean ondorioak izango dituela. Espainia mailako FELGTBI+ federazioaren datuen arabera, kolektibo horretako pertsonen % 30k lan arloan diskriminazioa pairatu du: enpresa barruko bazterketa, irainak jasotzea... baina baita auto-bazterketa ere, lan eremua ez dutelako segurutzat hartzen. Horren adibide ezkontzagatiko baimenari uko egitea da, bikotea sexu bereko pertsona dela ez aitortzeko. Egoera normatibitatearekin aldatzen dela ere nabarmendu Altamirak. "Ez da gauza bera gay edo lesbiana normatiboa izatea, edo ez-binarioa edo trans izatea, azken hauek bazterketa handiagoa pairatzen dutelako". 

Zergatik 'pinkwashing'

Enpresa askok jotzen dute pinkwhasingera Altamiraren ustez. "Gay merkatuari lotutako marka edo produktua ateratzen dute hainbat enpresek, baina irudia baino ez da, salmenta estrategia, enpresen kulturan eraldaketarik eragin gabe". Horren adibide saltoki handi ezagun batzuk jarri ditu. Harrotasunaren eguna hurbildu ahala pinkwhasing kanpainak burutzen ditu baina homofoboak diren liburuak saldu eta beren egileak aurkezpenak egitera gonbidatzen ditu. Gayfriendly gisa agertzeko, gainera, gay eta lesbianen irudi normatiboak baino ez dituzte erabiltzen, oso minoritarioak direnak. LGTBIQ+ kolektiboan dauden gainerako aniztasunak baztertu egiten dituzte: trans pertsonak, arrazializatuak...

Pinkwashing estrategiak ez dituzte enpresek bakarrik erabiltzen. Gobernuak, hiriak eta herrialdeak ere hasi dira LGTBIQ+ kolektiboarekiko kanpainak egiten.

Pinkwashing estrategiak ez dituzte enpresek bakarrik erabiltzen. Gobernuak, hiriak eta herrialdeak ere hasi dira LGTBIQ+ kolektiboarekiko kanpainak egiten. "Israel horren adibide da", nabarmendu du Altamirak. Tel Aviv hiria saldu nahi izan dute gayfriendly helmuga turistiko gisa. Horren atzean, baina, badago homonazionalismo bezala ezagutzen den estrategia. Homonazionalismoa nazio bat homosexualitatetik eraikitzeari deritzo, herrialdea ezberdin egiten duen ezaugarri gisa hartuta. Herrialde hauek aurkari bezala aurkezten ditu beren ustez LGTBIQ+ eskubideak errespetatzen ez dituzten beste lurralde batzuk. Palestinarren "ustezko homofobiaren" aurrean Israelek gay eta lesbiana normatiboentzako babesgune bezala agertu nahi du. Erabaki geopolitko argia dago horren atzean, Altarmiraren ustez. Hain urrutira joan barik, Altamirak salatzen du hainbat hirik gayfriendly izaera helburu turistiko gisa erabiltzen dutela. Hiri edo eskualde horiek LGTBIQ+ kolektiboaren eskubide errealen alde ezer gutxi egiten dute, baina negozioaren ikuspegitik turismoa erakarri nahi dute, batez ere erosahalmen altuko cisgay gizonezko zurien turismoa.

Sexu aniztasuna aintzat hartu duten enpresak

Badira, baina, jarrera positiboak dituzten enpresak, eta, hainbat kasutan, proaktiboak direnak. Enpresa eta erakundeetan sexu aniztasuna nola kudeatu behar den galdetuta, Altamirak hiru maila definitzen ditu. Pinkwhasing hutsa egiten duten enpresak daudela nabarmentzen du, merkatuari zuzendutako estrategiak baina badira, hala ere, positibotzat jotzen dituen beste bi maila. Alde batetik, LGTBIQ+ ikuspegia enpresaren kulturan txertatu duten enpresak daude, baina gizartearen jarrera eraldatzailerik gabe. Bere esanetan, geroz eta gehiago dira halako enpresak. "Enpresek badakite langileak gustura eta eroso egon behar dutela lan eremuan, horrela produktiboak izango direlako". Pertsonak lan eremuan onartuta sentitzeko beharraz kezkatzen dira enpresak, eta horretarako aniztasuna lantzen dute, genero eta sexu aniztasuna, besteak beste. Positibotzat hartzen badu ere, Altamirak gabeziak ikusten dizkio jarrera horri. REAS ekonomia sozial eta solidarioaren sareak lantzen duen "erakunde bizigarrien" kontzeptua azpimarratu du. "Begirada ez patriarkaletik sortutako erakundeak dira, kritikoki berriztu eta pentsatzen dutenak osatzen duten pertsonen ongizatea eta ekitatea handitzeko". Erakunde hauek "bestelako aniztasun batzuk ere aintzat hartzen dituzte (gizarte-klasea, arraza, pertsonak ez-binarioak...) eta gizarte-eraldaketak lortzeko urratsak ematen dituzte soldaten alorrean, hegoaldeko herrien esplotazioa edo baliabideen ustiapenaren ikuspuntutik, esaterako.

Fernando Altamira: "Gizonezkoen % 23k eta emakumezkoen % 15k bikote heterosexuala izatearen planta egiten du, edo hizkera aldatzen du, beldurragatik"

Pinkwashingetik haratago joateko eta benetako eraldaketak lortzeko Altamirak hainbat oztopo ikusten ditu enpresetan, askatu beharreko korapiloak. Badira, esaterako, aurre egin beharreko erakunde barruko "armairuak", langileek bere nortasuna ezkutatu behar ez izateko. Lantokian gune seguruak bermatzea ere ezinbestekotzat jotzen du, irainak eta erasoak ekiditeko. Eremu psikosozialean ere bada asko egiteko, langileei beren izaera garatzea ez eragozteko. "Bada "luma" zuzentzen saiatzen den jendea, edo lanera joan aurretik arropa eta itxura aldatzen duena lankideen beldur delako". Horren inguruko datuak eman ditu Altamirak. "2013ko txosten baten arabera, gizonezkoen % 23k eta emakumezkoen % 15k bikote heterosexuala izatearen planta egiten du, edo hizkera aldatzen du, beldurragatik". Portzentaje horren barruan lagun homosexualak izatea ezkutatzen duten pertsona heterosexualak ere badira, "besteek pentsatuko dutenaren beldur direnak".

Korapiloak askatzea nahitaezkoa da. Horretarako "aniztasuna erakundearen plangintzan jaso behar da, eta horrelako estrategiak ematen dituen onurak azaldu behar dira. Erakunde barruan aniztasun horren ikusgarritasuna bermatu behar da urtean zehar, eta ez soilik egun jakin batzuetan".  Urratsak eman direla ezin da ukatu, baina bidea oraindik luzea da eta LGTBIQ+ kolektibo osoa aintzat ez hartzeko arriskua dago.