Hezkuntza eta zientzia sistemen arloan ere horrela da. Urtero PISA inkestaren emaitzak ezagutzen ditugu eta, beti ere, hobetu behar duten eskualde eta herrialdeen lekuan uzten gaitu. Antzeko zerbait gertatzen da unibertsitateekin, besteak beste, 'Shangaiko rankinga' deritzonaren arabera, hedabideetan eragin handiena duena.
2017ko emaitzak joan den abuztuan ezagutu genituen. Eta azken urteotan gertatu denaren aurka, aurtengoan Espainiako unibertsitaterik ez da munduko 200 onenen artean.
Lehen hamarren artean AEBko eta Erresuma Batuko erakunde ezagunenak besterik ez dira. Lehenengo ehunkadan hamar herrialde agertzen dira guztira; eta 26 lehen berrehunetan. Eta berauen artean ez da Espainiako unibertsitaterik azaltzen. Ordea, Portugal hor da, 200 onenen artean, Universidade de Lisboari esker.
Eta, horrek, prentsan, iruzkin sutsuak piztu ditu. Badakigunez, konparazioak ia beti higuingarriak dira eta.
Zer gertatzen ari dira Espainiako unibertsitateetan?
Duela berrogei urte, demokraziarekin, Espainiako unibertsitateek normalizazio, autonomia eta modernotasunaren aldeko apustua egin zuten. Orduan, gehienok pentsatu genuen lan eginez, gure erara, denborarekin, gure erritmora, gure erakunde akademikoak goi-maila lortuko zutela naturaltasunez. Baina ez da horrela izan eta, estatistikek erakusten duten bezala, joera aldatu egin da, azken urteetan gainbeherakoa bihurtuz.
Sinplifikatuz, mundu mailan, bi unibertsitate mota daudela esan daiteke. Profesional onenak erakartzen saiatzen direnak, alde batetik, eta endogamia delako praktikak erabiltzen dituztenak, bestetik, profesional onenak kontzientziaz baztertuz.
Sinplifikazioarekin jarraituz, lehenek sailkapenetan gorantz egiten dutela esan daiteke, eta bigarrenek, ordea, epe ertain eta luzean, beherantz.
Batzuen ustez arazo orokorrak, Espainia mailan, erremediorik ez du, eta horregatik konponbide autonomikoak proposatu dira. Baina, zoritxarrez, ikusten ari garenez, baliabide gehiagok eta araudi malguagoek sarri dinamika berberak areagotu egiten dituzte. Euskal Herrian baditugu horren adibide nabarmen batzuk.
Beste berrogei urtetan ez da aldaketa garrantzizkorik izango arau-markoen aldaketarik ez bada eta onenak baztertzen dituzten dinamikei mugak jartzen ez bazaizkie.
Azkenean, ispiluak, aluminiozko geruza fin batekin estaliriko beirazko plaka sinple horrek, garenaren benetako irudia ematen du beti.
Arg. Cat Burston