Filosofia: Iturri, oinarri eta euskarri

Erabiltzailearen aurpegia Enrique Zuazua 2017ko abe. 15a, 08:00

Filosofiaren Defentsak liburuaren aurkezpena Durangoko Azokan

Gure zibilizazioa errealitate miresgarria bihurtu da, neurri handi batean hizkuntza eta zientziari esker.

Gizakiak, gizaki denetik, hainbat hizkuntza sortu, asmatu eta garatu ditu. Horien artean, euskara, mirariaren adierazpen bat da, beste askoren artean. Guretzat berezia, bakarra, geurea baita. Baina bat besterik ez beste askoren artean.

Eguneroko ahozko komunikazioan hizkuntzak ugari izan diren arren (gaur egun ere oraindik horrela da, naiz eta urtero urtero planetan zehar hainbat hizkuntza zendu), zientziak hizkuntza bakarra izan du, ordea. Gaur egun ere, horrela da.

Hizkuntza-komunikazioa bikotea alde batetik eta zientzia-teknologia bestetik, elkar lotuz, gaur egungo gizarte teknologiko konplexu honetara heltzeko bidea eraikitzea ahalbideratu dute. Bidea ez da laburra izan. Gaur egun duguna eta bizi duguna mendez-mende, zibilizazio anitzetan zehar garaturiko humanitatearen proiektuaren gailurra da.

Antzinako Grezian aurkitzen ditugu gaurko gizartearen lehen oinarri nagusiak, bai gizartearen antolakuntzan eta baita zientziaren arloan ere. “Matema” deitzen zitzaion garai hartan jakinduria guztia biltzen zuen altxorrari. Hortik eta ordutik datorkigu Matematika, Zientziaren Zuhaitzaren erro eta zutabe nagusia. Bertatik sortu eta hasi ziren beste zientzia guztietako hosto eta adarrak. Baina ez dira hosto erorkorrak iraunkorrak baino.

Garaiko Pitagorikoek galdera nagusiak mahai gainean jarri zituzten. Nola ulertu mundua eta bertan begi bistakoa den higidura (itsasoaren mareak, eguzki eta ilargiaren ibilbidea, urtaroak,...)? Nola neurtu ingurunea? Nola zenbatu? Eta gaur egun Matematika bezala ezagutzen dugun zientzia izan zen galdera horiei erantzuteko garaturiko tresna. Oraindik ere horrela da.

Honela, Matematika da, zientzia guztien aitzindaria, hizkuntzarekin batera, gizaki bezala bereizten gaituena. Adibidez,  “Tximinoen Planeta” nobela famatuan, gizakia tximinoen preso bihurtzen denean, izaki inteligente eta baketsua dela erakusteko, Pitagorasen Teoremaren froga zirriborratzen du, Matematikaren hizkuntza unibertsala erabiliz.

Gaur, Zientziaren Zuhaitza inoiz baino biziagoa dago, geroz eta aberatsagoa da. Gizarte Zientzien, Esperimentalen eta Biologikoen bilduma, Jakinduriaren Lorategia bihurtu da. Baina ez da azken urteotako lana izan. Zibilizazio orotan zehar garatutakoa baino, gizakia koba zuloan bizi zen garaitik hasita.

Baina Zientziaren galderen benetako iturria Filosofia da. Zientziaren arlo anitzek galderak zehaztu egiten dituzte baina Filosofian sortzen dira, pentsamenduaren zientzian. Eta, era berean, beti, behin eta berriro, Zientziaren garapenak Filosofiara eramaten gaitu, berriz ere, han baitaude lorturiko emaitzak eta ondorioak laburbiltzeko tresnak. Filosofia da gure jakinduria osoa biltzen duen geruza, berau baita ezagutzen ez dugunaren eremu zabalaren muga.

Newton-ek, beste jakitun askok bezala, bere garaian honela aitortu zuen: “Dakiguna ur tanta bat besterik ez da, ezagutzen ez dugunaren ozeanoan”.

Helduon ardura da erantzunak aurkitzea, bidea jorratzea,  baina gure errespontsabilitate nagusia  belaunaldi berriei heziketa aproposa eskaintzea da. Euskaldun bezala, gutxi izanik, garen bezala, geroz eta gutxiago, horrela da, are gehiago.

Dakiguna geroz eta aberatsagoa eta anitzagoa da. Baina, zorionez, gaur egun, jakintza hori hor dugu, eskuragarri, interneten. Ordea, horren beharrezkoa den pentsamendu kritikoaren ohitura eta kultura garatzearen erronka ez dugu oraindik irabazi. Geroz eta zailagoa da, izan ere, mundua konplexuagoa delako. Ezin da gaur egungo errealitatea zuriaren eta beltzaren artean sailkatu, ñabarduraz beterik baitago. Eta Filosofiak eskaintzen digu mundu horretan higitzeko mapa eta sentsibilitatea.

Gaur egungo gizartean jakinduriaren azelerazio prozesu nabarmen baten bizi gara. Liluragarria da azken hamarkadetan eman ditugun urratsak, Informatika eta Zientziaren eskutik. Medikuntzari begiratu besterik ez dugu egin behar, nola menperatu ditugun hainbat gaixotasun... Eta hurrengo urteetan izango diren eraldaketak asmaezinak dira.

Beraz, inoiz baino gehiago, gure gazteek Filosofiaren beharrean daude eta izango dira. Pentsamendu kritikoa menperatu beharra izango dute geure umeek, mundua gobernatzen duten indarrak geroz eta bortitzagoak eta boteretsuagoak direlako, eta geroz eta ezkutuago daudelako.

Jakina den bezala, gure hezkuntza sistema ez doa ondo.  Hor dira emaitza objektiboak, hainbat test, inkesta eta frogetan. Ezin diogu inori leporatu bereziki, denon jardueraren ondorioa baita. Sarriegi bizkarra ematen diogu. Horretan oker gaude eta ordaina gareztia izango da. Horretaz jabetzea eta hori aitortzea beharrezkoa da. Euskal Herriak, herri txiki eta txikitu bezala, tresna garatuenak behar ditu etorkizuna sustatzeko. Eta Hezkuntza Sistema bikain baten beharrean gaude,  Filosofia barne.

Galdera nagusiei ez dizkiogu sarritan jaramonik egiten, ahastu egiten ditugu. Eta horrelakoen garrantzia azpimarratu behar diegu gure gazteei. Esate baterako, gure espeziearen eta Lur Planetaren iraunkortasuna ez ote dago mehatxupean?

Inoiz baino gehiago galdera zuzenak aurkitu beharrean gaude gure ekimena bideratzeko.


Filosofiaren iturritik edaten ditugu galdera zuzen horiek, ondoren, Zientziaren bidez garatu, landu, eta erantzunak asmatzen ditugu. Ez ditugu inoiz modu absolutuan asmatzen eta ebazten, noski, baina pausoz pauso aurrerantz goaz. Zientzia Filosofian oinarritzen da eta bertara garamatza beti ere. Horregatik Filosofiaren konpainian bizi izatea geroz eta beharrezkoagoa da.

Filosofia da iturria, oinarria eta euskarria. Zaindu dezagun beraz. Filosofiaren iturri zaharrak beti ur berria ematen du. Eta, gainera, lur honetan, euskaraz.

 

(“Filosofiaren defentsak” (Erein, 2017 ) liburuaren aurkezpen gisa idatzitako artikulua. Iñigo Martinez-ek koordinatutako liburu honek Filosofiak Hezkuntza Sisteman duen garrantziaz hainbat euskal zientzilari eta adituk idazten dute, E. Zuazua barne)