Christian Huygens fisikari, astronomolari eta matematikari holandarrak, XV. mendean, denbora pendulu sinple baten bidez neurtu zitekeela asmatu zuen. Huygensek eraikitako pendulu-erlojua, lehen diseinua bilakatuz eta hobetuz, hiru mendez, denbora neurtzeko modurik fidagarriena izan zen.
Asmakizun horrek aurrerapauso handiak ekarri zituen garaiko gizarteari, itsaso eta lurreko bidaiak erraztuz, unibertsoaren bilakaera hobeto ulertzeko tresna berria eskainiz, eta industri iraultza sustatzeko euskarri garrantzitsu gehigarri bat ornituz.
Penduluaren higidura eta gure bizitza, neurri baten, antzeko ibilbide oszilakorrean diraute, gauaren eta egunaren artean, jai egunak lan egunei jarraituz, tristura eta poza, arrakasta eta hutsegitea, edo osasuna eta gaixotasuna txandaka suertatzen direlarik.
Gizartearengan ere, antzeko gorabehera oszilakorrak izaten dira. Eta, oraingoan, Kataluniako auzia dela eta, hilabete hauetako giro politiko eta soziala Espainian bereziki asfixiagarria izan da.
Penduluaren dinamikari uko eginez, badira, eta asko, gizartearen pentsamendua eta joera ibilbidearen muturretan finkatu nahi dutenak. Hori, ordea, dinamikaren legeen kontrakoa suertatzen da, muturreko oreka horiek ezegonkorrak baitira. Penduluak alde batetik bestera oszilatzeko askatasuna behar du, euskaldunok bidegorrietan gora eta behera egiten dugun bezala.
Alferrik pendulua mutur baten lotzea eta zentzu bakarreko bidegorriak eraikitzea. Gizartearen pentsamenduaren mutur anitzak lotzeko askatasuna eta espazioa behar da, denbora aurrera joan dadin penduluak oszilatu beharra duen bezala.
Alferrik gizartearen gogo eta asmo askeei uko egiteak. Alferrik kartzelak eta zigorrak. Pentsamendu askea mugaezina da, denbora, penduluaren mugimendu oszilakorra eta bidegorrietako joan-etorriak bezala.