Eibarko Udalak bultzatuta, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eskutik, aurten, lehenengo aldiz, hiriko hainbat txokotan izan dugu zientzia topatzeko eta ospatzeko aukera aste osoan zehar, orain arte Euskadiko hiru hiriburuetan eta Barakaldon gertatzen zen bezala.
Hemezortzi urte dira jadanik EHUk Zientzia Astea, urtero urtero, antolatzeko ardura hartu zuela, zientziaren arlo desberdinak gizarteratuz. Eta guztira hogeitamar dira jadanik 1988an Nazio Batuetako Batzorde Orokorrak erabaki zuenetik Azaroaren 11aren astean “Zientziaren Astea” mundu mailan ospatuko zela.
Eibarko herriak “Jakin eta Erein” hitzaldi serie berri hau bultzatzean, zikloaren izenak berak azaltzen duen bezala, jakitearen helburua nagusia azpimarratzeaz gain, gure mundua ulertzeko tresna baliagarriena bezala, gazteengan jakintzaren hazia ereiteko beharrari erantzun nahi izan dio. Jakin-erein binomio hori jorratzeko eta gizarteratzeko asmoz, Eibarko Udaleko “Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza” arloko zinegotzia den Alberto Albistegui Zamacolak hitzaldi zikloa bultzatu du, bide batez, Zientzia Astea hiri ekarriz.
Hitzaldi hauekin, gainera, Udalak Eibarko seme-alabei hitza ematea nahi izan die, eibartarrak izan baitira hizlariak.
Portaleako Areto Nagusian hiru izan ziren hizlariak eta gaiak. Lehenik Mireya Etxaluze, Oxford-en ikerlaria den astrofisikaria, izarren jatorriaz hitzegin zuen, berauek nola ”sukaltzen” diren azalduz. Donostiako Quirón Ospitalean Laguntza Bidezko Ugalketaren Laborategiko arduraduna den Miren Mandiolak doktoreak gizarte aurreratuen ugalkortasunaren erronka nagusiari buruz hitzegin zuen, Euskal Herrian bertan bizi dugun populazio arazoa aztertuz. Azkenik, ingurumen-ekonomialaria den Antxon Olabek, gaur egun Trantsizio Ekologikorako Ministerioko aholkularia denak, klima-aldaketari buruzko erronkari buruz hitzegin zuen.
Zikloa bukatzeko Igandeak 11 Coliseo Antzokian eginiko ekitaldian Asier Laspiurrek, EHUko irakaslea eta artistak, "Zientziartea" izeneko hitzaldia aurkeztu zuen Zientzia eta Arteen arteko loturak eta harremanak uztartuz, antzinako Greziatik gaur egunerarte. Bertan 2015an zendu zen Javier Gorosabel astrofisikariari omenaldia eskaini zitzaion. Patxi Alonso kirol-kazetaria eta Jokin Bergara bertsolari gaztearen ekarpenak entzuteko aukera ere izan genuen.
Eibar gauzak ondo, “bihar den moduan”, bertan esaten den bezala, egiten deneko hiri eredugarria izan da beti eta ekitaldi hauetan zientziaren arlo anitzetan ere horrela dela baieztatzeko aukera izan genuen.
2018koa bukatuta, gehiagoren gogoz geratu ginen. Ea ba 2019an errepikatzeko dugun!