Orain irudi horretan benetan erreparatu dezagun. Pertsona horrek daraman arropa garbituta eta lisatuta dago, ondo elikatuta dago eta noski, seme-alabak baditu, hauek zainduta daude. Hau da, bere bizitza eta bere familiaren bizitzak sostengatzeko lana existitzen da, gizartearentzat ikusezina den lana. Lan hori era ezbidezko batean emakume* langileoi egokitzen zaigu, bai gure etxeetan musutruk eginez, bai miseriazko soldata baten truke emakume aberatsei egokitutako lana ordezkatuz.
Martxoaren 8an, lan hori, bizitzak sostengatzeko lana hain zuzen ere, gainontzeko eskaerekin lotu eta ikusarazi izan nahi da lelo baten pean: bizitzak erdigunera! Izan ere, gu ere planto egitetik erdigunean egotera igaro gara aurten. Hegemonia izan nahi dugu eta hein batean, hegemonikoak bilakatzen ari gara.
Bizitza erdigunean jartzeak botere loturak aldarazten ditu. Bizitza erdigunean jartzeak zaintza lanak erdigunean jartzea esan nahi du, oraindik askori ikusezina zaion lan erreproduktiboa (bizitza mantentzeko lana) ikusgarri, eztabaidagarri eta politika aktiboko gai nagusietako bat izatea, alegia.
Larriak dira oso sistema kapitalista honetan zenbait langilek jasan behar dituzten lan eta bizi baldintzak. Emakumeoi* dagokigunez, doako lanez gain, badaude bereziki prekarizatuak diren zenbait lan: etxe barneko langilearen baldintzak, esaterako, guztiz salbuespenezkoak dira eta haren ezabapena eskatzen da. Horrez gain, ordea, asko dira dagozkigun lan prekarizatuak: umeen zaintza lana (ordaindua denean), akademiako irakasleena, irakasle partikularrena, egoitzetako langileena, garbiketa enpresetako langileena, etxez-etxeko arreta zerbitzuena (SAD), hostalaritzakoena…
Laster hilabete berria hasiko da, eta duela aste batzuk egindako aldarrikapenak eta lortutako indar korrelazio mesedegarria mantentzea gure esku dago. Bakoitzak beretik eta denok batera, etengabe etekina handitzea helburu duen sistema hau irauli behar dugu. Historiako liburuetan agertzeko garaia da, hiriburuetako alkate edo lehendakari izatekoa, familia, lan eta laguntasun harremanetan errespetatuak izateko garaia da.
Garaipen horiek guztiak lortzen gabiltza aspalditik: gure bizi-baldintzen alde egiten den borroka emakume* askoren artean mantendu eta bultzatu da, egunez egun eta astez aste. Bizitzak erdigunean jartzeko beharrezkoa da borroka egiten jarraitzea: etxean, lagunekin, familiarekin, lanean eta kalean… borrokarekin jarraitzea egin den lan horri garrantzia aitortzea da azken finean. Jarrai dezagun duela aste batzuk ikusarazi ziren aldarrikapen eta borroketan, bizitzak erdigunean jartzera!
Leire Arrutia Lopez
Milia Ortiz de Pinedo Trabudua