Nola? Erantzuna (edo behintzat zati bat) nahiko erreza da: “think tanks” deitzen dira.
“Think tank” delakoak pentsamenduaren laborategiak, iritzi publikoaren gestoreak, mota ezberdinetako hegemonien administratzaileak dira. Enpresari, politiko, oligarka, kazetari eta batez ere diru mordoz elikatutako engranaje ez hain konplexuak, baina sekulako efikaziarekin iritzi publikoa kontrolatzeko gaitasuna dutenak.
Hauek dira 10 urteko epean telebistan “mileuristen” dramaren inguruko saioak ikustean haserrea eta indignazioa sortzetik, gaur egun normaltasuna eta etsipena sortzea lortu dutenak. Egun EAEn (el Oasis Vasco delakoa) gazteon bataz besteko soldata 850€miserablekoa da, eta inor gutxik estutzen ditu ukabilak onartezina den egoera honen aurrean.
Egoera hau 10 urteko bonbardaketa mediatiko eta sozial konstante baten ondorioa da: “es lo que hay”, “es lo que toca”, “zure adinarekin zer espero duzu ba?”. Hori gutxi balitz, El Pais eta La Razón bezalako komunikabideek langileriaren txirotzearen normalizazioa eta honen izaera “cool-a” saldu nahi izan digute (“treinteenagers”, “friganismo”, “irribarren bidez ordaintzea, zergatik ez?”...). Eta horrela, “gure gurasoak baino okerrago biziko garen lehen belaunaldia” garela barneratzen amaitu dugu, zergatia galdetu eta bekokia zimurtu gabe.
A priori inozoa eta irensteko zaila dirudien kapitalaren ofentsiba neoliberala, baina epe ertainean egoera honetan gauden hamarnaka mila gazteri begirada altxatzea eragoztea lortzen duen onespen eta frustrazio sentimendua sortzen duena. Gutxitan entzungo duzu gazte baten ahotik pobrezia egoeran dagoela, baina gurasoen koltxoia kenduta datuek argi uzten dute bizi proiektu sinpleena ere aurrera ateratzeko autonomia edo gaitasun eza nagusi dela, txiroa dela.
“Eta honen aurrean zer?” da burura etorri beharko litzaigukeen galdera. Honen aurrean irtenbide bat eta bakarra kontzientziazioa eta antolakuntza da, noski. Baina honen hastapenak funtsezko beste elementu bat du, langileriaren txirotze eta prekarizazioari aurre egingo dion gazte “think tank” herritar bat. Ahalduntzearen maila basikoenetik hasita, aberatsak gero eta aberatsago diren bitartean, 10 urtetan gazteon soldatek %20,5 bera egin dutela esaten duten Eusko Jaurlaritzaren datu lotsagarriei “no es lo que hay” argi erantzungo dien olatua.
Lan eskubide eta eskubide sozialen galeraren atzean, gero eta lotsagabekeria handiagoz, egoera honetaz etekin izugarria ateratzen ari diren enpresari dirudunak daudela argi utziko duen gazte “think tank” herritarra. Frustraziotik ofentsibara.
Oinarrizko “No es lo que hay” batetik hasi eta gazte langileen kontzientziazioa bilatuko duen gazte “think tank” bat. Hori baita kapitalak martxan jarritako lapurreta izugarri honen aurrean gazte langileak, klase bezala, antolatzeko ezinbesteko premisa. Zerumuga askatzaile bat irudikatu nahi dugunok lortu behar dugun oinarrizko premisa.
Kaleak, ikastetxeak, lantokiak … edozein iritziren gainetik egia den diskurtso batekin bustitzeko gaia da: txirotze, prekarizazio eta lan eskubide eta eskubide sozialen galeraren atzean klase sozial baten garaipena dago, eta klase hori ez da inondik inora ere gurea. Partiduari buelta emateko garaia da.
MIKEL RUIZ OAR-ARTETA
ERAGINEKO KIDEA