Eusko Legebiltzarrak joko legea onartu ez izanaren balorazioa egin du Eragin Bilbok

Erabiltzailearen aurpegia EraginBilbo 2021ko ots. 22a, 12:52

Bilboko Udalean duela bi urte mozioa aurkezten. Artxiboko irudia

Krisiak berriz mehatxatzen du gizartea, modu bereziki oldarkorrean gazteria. Orain arte gertatu denez, enpresa pribatuak izango dira egoera honetaz aprobetxatzen saiatuko direnak, horretarako gure bizi baldintza materialak murriztuz: soldata baxuak, kontratu prekarioak bata bestearen atzetik kateatuak, estabilitate falta, alokairuen igoera. 

Aurreko krisian ikasi genuen egoera gogorrenetan eta gizartea ahulenen dagoen momentuetan enpresa pribatu handiak agertzen direla gure egoera prekarioen lepora haien etekinak handitzeko asmoz. Honen eredu dira apustu etxeak eta joko aretoak. Enpresa hauek gazteriaz baliatzen dira beren etekinak indartzeko; esperantza faltsuak saltzen dizkigute, esanez apustu sinple batekin diru asko irabaz daitekeela, krisiak eragindako zulo guztiak estaliko dituen dirua.

Aurretik azaldutakoagatik, gaur Eusko Legebiltzarrean ikusi ditugun portaerak eta neurri faltak benetan kezkagarriak direla deritzogu. Badirudi apustuen boom-a azkar-azkar hazi daitekeen momentu honetan, ez dagoela neurri eraginkorrik hartzeko gogorik.

Bi urte beteko dira Eraginetik Bilboko Udalean gutxieneko neurriak bilduko zituen mozio bat aurkeztu genuenetik. Bilboko agintarien erantzuna -EAJ eta PSEren gobernuak osatuta- entzungor egitea eta zegokienei neurriak hartzeko eskatzea izan zen. Orain, gobernu konposaketa berdinaren duten eta teorikoki eskumena dutenen aurrean gaudela, erantzun berdina jasotzen dugu: ez dago soluziorik.

Horrela, behar beharrezkotzat jotzen dugu hainbeste langile familiei eragiten dien arazo honi irtenbidea bilatzea. Ezin da onartu hezkuntza zentroetan jokoarekin dagoen harreman hau normalizatzen jarraitzea; hau ekiditzeko ikasketa zentro eta apustu etxeen artean 500 m-ko perimetroa ezartzea edo lizentziak murriztea eskatzen dugu. Euskal Herriko auzo eta herrietan aho batez  salatzen dira apustu etxeen eraginak eta adostasun zabala da apustu etxeen aurka neurriak hartu behar direla, baina berriz ere, jaurlaritzak entzungor egiten dio errealitateari. Horrek galdera bat dakarkigu burura: zer interes daude apustu etxeen etekinak ez murrizteko?

Eraginetik argi diogu: neurririk hartzen ez den bitartean etengabe jarraituko dugu mobilizatzen, gero eta indartsuago, gazte langileok ezinbestekoa baitugu  jokoaren pandemia honekin amaitzea. Instituzioen pasibitatearen aurrean, ez dugu onartuko langile familien gain erortzea apustu etxe eta joko aretoek eragindako hondamendiak.