Euskararen Nazioarteko Eguna Deustuko Unibertsitatean 2017

Aurten ere Nazioarteko Euskararen Eguna ospatuko da Deustuko Unibertsitatean, eta Bilboko campusean abian jarriko den ekimenak aurkeztu berri dira "Hamaika egun, hamaika lagun, euskara bizi dezagun" lemapean.

Euskararen Nazioarteko Eguna bera abenduaren 1ean (ostirala) ospatuko den arren, azaroaren 27tik (astelehena) aurrera luzatuko dira aurten jarduerak Deustuko Unibertsitatearen Bilboko campusean adin eta jatorri guztietako parte-hartzaileei zuzenduta.

Astelehenetik ostegunera atsedenaldietan (10:50) eta bazkalorduan (14:00) Euskal Quiz ibiltariak unibertsitatea zeharkatuko du, lau Kindle e-rakurle elektroniko irabazteko aukera emanez euskararen inguruko galderak erantzuteko prest dauden parte-hartzaileei.

Aldi berean astelehen (27) eta asteazkenean (29) Deustu Kantari egitasmoak unibertsitateko espazioak kantuz beteko ditu, beren-beregi idatzitako kantua aurkeztuz.

Astearen errematea ostiralean abenduaren 1arekin ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunak emango dio. 12:00etan Sabin Bikandik "Txistua euskal kulturan" hitzaldia eskainiko du Garate Aretoan, eta 12:30etatik aurrera Erromeria izango da (jateko eta edatekoarekin, noski) Paraninfoko klaustroan Bilboko Udal Txistulari Bandarekin. Egunari amaiera emateko Euskal Quiz-aren parte-hartzaileen artean kindle liburu elektronikoak nortzuk irabazi dituzten jakingo dugu eta asteak eman duenaren bideoa ikusiko dugu Garate Aretoan.

Ekitaldi guztiak irekiak dira hurbildu nahi duen guztiarentzat, izan ikasle, langile edo herritar.