Ezker Abertzaleak Deustuko Jai Batzordean parte-hartzeko eskubidea urratu diela salatu du GKS-k

Erabiltzailearen aurpegia Bilboko GKS 2022ko eka. 23a, 17:56

Pertsona ugari elkartu dira Deustun, Ezker Abertzaleak GKS-ren aurka ezarri duen beto politikoa altxatu eta auzoko Jai Batzordean parte-hartzeko eskubidea errespeta dezan galdegiteko.

Asteazken arratsaldean, Deustuko eta Bilboko pertsona ugarik agerraldia egin dute, Deustuko Jai Batzordean Ezker Abertzaleak GKS-ren aurka ezarri duen beto politikoa altxatu eta auzoko Jai Batzordean parte-hartzeko eskubidea errespeta dezan exijitzeko; bai eta espazio publikoaren pribatizazio alderdikoia salatzeko ere.

Izan ere, igandean salatu zuen Deustu-Sani Gazte Koordinadora Sozialistak Ezker Abertzalea Deustuko Jai Batzordean beto politikoa inposatzen ari dela.  Kaleratu zuten oharrean adierazi zutenez, duela lau hilabete, aurtengo jaiak ospatu baino lehen, egin zuten Deustuko Jai Batzordean parte hartzeko eskaera. Azaldu zuten bezala, erantzunik jaso ez zuten hainbat mezu bidali zituzten, eta eskaera bide ezberdinetatik helarazteko saiakera batzuk eta gero, jaien prestaketaren ondorioz erabakia atzeratuko zutela jakinarazi zieten. Hilabete hauetan zehar erantzun argirik jaso ez eta erabakia aurreko ostiralean hartu zutela ulertzera eman zieten arren, diotenez, oraindik ez zaie haren berri eman.

Elkartu direnen eskaera nagusia da Deustuko beste eragileek duten txosna jartzeko eskubide bera bermatzea. Hori horrela, Ezker Abertzaleari dei egin diote Jai Batzordean euren sarbidea oztopatzeari utz diezaion.