Uribarritarrontzat eta Bilbotar askorentzat ezagun

Uribarritarrontzat eta Bilbotar askorentzat ezaguna da Lezamako trenbide zaharra, Artxardarako igoeran ohiko bidea dugu-eta. Bistan da inoiz tren bat ibiliko zela hortik, baina inork gutxik daki haren historiaren berri eta are gehiago esan genezake, inork gutxik entzun du tren haren triki-traka.

Tren hura Bilbotik Txorierrira eta Txorierritik Bilbora ibili zen hara eta hona XIX. mendearen bukaeran (1894-1902). Bilbotik Artxandara igo, eta 450 metroko tunel bat igaro ostean, Txorierriko bailarako herrietarantz (Derio, Zamudio, Lezama…) abiatzen zen.

Txorierritik Bilbora, baserritarrak euren produktuak eramaten zituzten azoketara. Sondikako harrobitik ateratako harriak ere trenean sartzen zituzten Bilbora eramateko.

Zoritzarrez, inauguratu eta egun gutxira, 1894ko uztailaren 7an, trenak istripu larri bat izan zuen Begoñarako jaitsieran. Pisu gehiegi zeraman eta makinistak ezin izan zuen abiadura kontrolatu. Ondorioz, trenbidetik atera zen. Hainbat hildako eta zauritu izan ziren.

1902an, Artxandako aldapa gogorrak ekiditzeko ibilbide berria egitea erabaki zuen tren-konpainiak. Harrezkeroztik, Loruritik eta La Olatik igaro zen trena eta Lezamako trenbidea erabilerarik gabe lotu zen, gaur egunera arte.

Trenbide zaharrari erabilera berria emateko asmoz, Artxandaz bestaldeko BIZITXORIERRI elkartekoak lanean dabiltza 2009. urtetik, baina euren jarduerak ez du oihartzun handirik izan Artxadaren alde honetako maldetan. Horregatik, bizitxorierri.org webgunea eta Facebook-eko VIA VIEJA de LEZAMAko Trenbide Zaharra gunea bisitatzera animatu nahi zaituztegu.

Gailurra Uribarriko mendi-taldekook BIZITXORIERRI elkartekoen jarduna zabaltzen eta antolatzen dituzten ekintzetan parte hartzen ahaleginduko gara.

Hona hemen euren asmoen berri emateko eta trenbide zaharraren xarma erakusteko prestatu duten bideo ederra. Eskerrik asko