2015eko jardueren egutegia

Gailurran buru-belarri ibili gara antolaketa-lanetan eta honezkero 2015eko jardueren egutegia prest dugu. Mila esker lan horretan ibili direnei!

Aurten era askotako jarduerak prestatu ditugu: mendi-irteerak, ikastaro-tailerrak, hitzaldiak auzoan, mendi jardunaldiak, lehiaketak… Espero dugu zure gustukoak izatea!

E-mail honegaz batera bidaltzen dizugu egutegia, baina kontuan izan malgua dela, eta datak edota lekuak aldatu daitezkeela. Gainera, beste jarduera batzuk ditugu esku artean, baina oraindik ezin ditugu zehaztu. Beraz, adi egon bidaliko ditugun e-mailei.

Urteko lehen irteera igande honetan izango da, urtarrilaren 18an. Mendi-zeharkaldia egingo dugu Ugaotik Orozkora Untzuetako (766 m.) gailurretik igarota.

Irteerari buruzko informazio guztia daukazu bidaltzen dizugun fitxan. Irakurri, mesedez; garrantzitsua da. MIDE metodoaren azalpen labur bat ere bidaltzen dizugu, irteeraren zailasuna neurtzen lagunduko dizuna. Honezkero izena eman ahal duzu irteerara joateko, erosoen zaizun eran: telefonoz, e-mailez edo lokalera etorrita.

Hemen dituzu urtarrilerako antolatu ditugun beste jarduerak:

Urtarrilak 21- HITZALDIA: 'Neguko segurtasuna mendian'. Arratsaldeko 18:30ean, Matiko kaleko Auzogunean. (sakatu hemen ikusteko non den)

Urtarrilak 27- TAILER-IKASTAROA: 'Mapak eta GPSa'. 12 orduko ikastaroa hainbat egunetan, urtarrilaren 27an hasi eta otsailean egingo dena.

Laster, jarduera horien berri zehatzagoa emango dizugu.

Besterik ez, animatu eta etorri igande honetan Untzuetara!

 

www.gailurra.org