Bilbotik Puertora 2.000 km-ko joan etorria. 2.000 km Iberiar Penintsula goitik behera eta behetik gora igarotzen. 2.000 km autobideko zerbitzuguneak euskaldunez betetzen, buseko leihoaz bestalde basoak basamortu nola bihurtzen diren ikusten.
Larunbat goizean Puertoko espetxean ginen. Presoen banderola esku batean eta pankarta bestean. 250 lagun gehiago nire aldean. Kotxeak igaro eta igaro gure aurreko errepidean. "Zer etorriko zaie burura gure herritik hain urrun dugun kartzela parean elkartuta ikustean?". Batzuk harriduraz argazkiak egiten, beste batzuk atzamarra leihatilatik keinu iraingarriz ateratzen.
Hala ere, hor mantendu ginen denok barrukoen alde garrasika. Tartean, Nazionalen bisita eta SATeko kideen elkartasun internazionalista. Ekitaldi hunkigarria eta jende aurreko Txoriak Txori inprobisatua trikitiaz. Baimenik gabeko kalejira, El Cepo taberna españolazoko garagardo argia eta buelta Euskal Herrira.
Maiatzaren 20an nire lehen aldia izan zen. Euskal herritar askok astero egin beharreko bidai krudel eta gogorra egin nuen.
Behin bizi eta mila aldiz errepikatu nahi izaten ditugun lehen aldi asko daude; hau, ordea, lehena izateaz gain azkena ere izan dadila, arren!
Maite zaituztegu! Kalera!