Hau panorama...

Zalantzarik gabe uda honek gurean utzi duen eztabaida nagusienetakoa turismoarena izan da. Seguru nago etorkizunean ere zeresana ematen jarraituko duela eta jorratzeko aukera izango dugula baina, azken horri duen garrantzia kendu gabe, ezinbestekoa ikusi dut nire lehen kolaborazioan urteko burrunbada politikoa denari buruz hitz egitea; Kataluniako prozesu independentistari buruz alegia.

Sentsazioa daukat badela Euskal Herrian, seguruenik bere barne kontraesanak ekidin nahian, gai horri ihes egin nahi izan dionik baina, gaiak hain du dimentsio eta pisu handia ezen azkenean nahi ala ez gurera iritsi den. Horregatik, hilabete hauetako berotasunean derrigorrean bustitzea suertatu da.

Alde batetik, Espainiako gobernuarekin bat egindakoak ditugu, ankerkeria osoz abuztuko Rambletako gertakari tragikoa prozesua erasotzeko erabiltzera ere heldu direnak. Bestetik, erabakitzearen alde omen dauden baina, Gobernu zentralak Generalitateari emandako 18 ezezkoen ondoren erreferendum hitzartuaren dogman jarraitzen dutenak. Azkenik, etxean badira, guardia zibila bozka paperak konfiskatu nahi dituen bitartean, antzeko diskurtsoarekin jarraitu eta erreferenduma galarazi nahi dutenen aliatu onenak bilakatu direnak.

Hau panorama… Kataluniako herritarrek beraien etorkizuna erabakitzeko hautestontziak jartzea delitua bada, delinkuentzia erreminta demokratikoa dela esaten hasi beharko dugu. Ni Kataluniarekin, eta zu?

2017ko irailaren 8an