Kolektiboan bizi omen gara. Maiz, ordea, kolektibitatearen kontzeptua galtzen ari garela pentsatzen dut. Gizakia izaki kolektiboa da naturaz (beti esan izan dut) baina, lan eta kontsumo zentro huts bihurtutako hirien bizi ereduek jatorrizko izaera horretatik aldendu gaituzte, gure bizitzak kaiola isolatu bihurtzeraino.
Hala ere, badira logika inposatutik irten eta kaiola horiek irekitzeko balio duten guneak. Horren adibide da Deustuko Gazte Lokala. Gazteok bildu eta gure bizitzen problematika partekatzeaz gain, gure kabuz hainbat proiektu eta ekimen aurrera eramateko espazioa.
Orain, Bilboko Udalak 26 urtez Deustuko hainbeste gazteren etxea izan denarekin bukatu nahi du legealdi honetan antzeko beste bi espaziorekin (Etxarri Gaztetxearekin eta Izar Beltz Ateneoarekin) egin bezala. Gazteak Gran Viako saltokietan sartuta nahi gaituzte eta ez esperientzia kolektiboak eraikitzen. Gure ametsei ateak itxi nahi dizkiete baina, gu txori askeak izan nahi dugu. Defenda dezagun garena, defenda dezagun gurea dena!