Hamaika

“Euskara da gure territorio libre bakarra” idatzi zuen Joseba Sarrionaindiak 80. hamarkadako bere espetxealdian. Antzeko ildotik, Xabi Solanok zera dio bere azken diskoko abesti batean: “izango gara besteen geroz eta menpekoago, erdaraz mintzo bagera euskaraz baino gehiago”.

Hizkuntza beti egon da komunitate ororen eraikuntzaren erdigunean. Horregatik, inperioek herriak bere gain hartu nahi izan dituztenean hizkuntzaren inposaketa erabili dute, berezko hizkuntza galtzeak identitate propioa ezabatu eta okupazioaren asimilazioa ekartzen duenaren jakitun.

Egun, praktika hori hizkuntza eta kultura gutxituen aurkako arma onena bihurtu den globalizazioaren atzean ezkutatzen da. Gogoan dut oraindik Oihana Bartraren “Nire Amaren Hiria” dokumentalaren aurkezpenetik irtetean sortu zitzaidan buruhaustea. Posiblea da Bilbo bezalako hiri kapitalista globalizatuan euskararen normalizazioa? Ezinezkoa ez bada, erronka handia bai behintzat.

Zorionez, euskaldunok erronkak atsegin ditugu eta horren adibide da Deustualdean martxan dagoen “11 Egun Euskaraz” izeneko dinamika. Hiru hitz horietatik lehenaren esanahia hiztegian bilatuz gero, gutxienez bi adiera hauek aurkituko ditugu:
1. Hamar eta bat. 2. Oso altutzat jotzen den zenbaki mugagabea adierazteko hitza.

Kasu honetan, ekimenak lehenengoari heldu eta azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte euskal hiztunen aktibazioa lortzea du helburu.

1969an Telesforo Monzonen hitzek “zutitu eta euskaraz mintzatuko naiz” zioten. 2017an Bilboko Metropolian euskaraz bizi nahi dugunok badugu zutitzeko garaia. Deustualdeko euskaldun guztion esku dago beraz, hamaika hitza mugagabe bihurtzea.