Zoritxarrez, egunok pozez bizitzen saiatzen ditudan arren, ezin aurtengo itzalak aipaturik gabe utzi. Alde batetik, Deustuko Gazte Lokalaren etorkizuna arrisku larrian dago udaletxeak hori botatzeko prozesua hasi ondoren. Gure kuadrilako kide batek, berriz, Euskal Herriko beste ehunka herritar bezala oraindik ere 1400 Km egin behar ditu bere senide maitea ikusteko. Gainera, oraindik gure kaleetan patriarkatuaren biolentzia dugunez, PAREk ezin izan du eraso sexistak salatu barik geratu.
Hala ere, aipatutakoen aurrean itxaropentsu egoteko arrazoiak ez dira falta. Gazteok berriro ere Gazte Egun itzela antolatzeaz gain, asteburu osoko hausnarketa kolektiboa egin dugu Deustuko Topaketetan. Pozez bete nau nire anai-arrebak Txantxikuko udalekutara zeinen pozik joan diren ikusteak bai eta, 800 pertsonatik gora 11 Egun Euskaraz bizitzeko konpromezua hartu izanak. Herriko Tabernak 30 urte bete dituen honetan libre, zabalik eta inoiz baino biziago jarraitzen du guztion auzolanari esker eta, Deustualdeko trikitilariok kaleak alaitu ditugu beste behin.
Abenduaren 24ean, beti bezala, Jai Batzordeak antolatutako kalejirara joango naiz zuei abestera. Aurten, ordea, ez dizuet ezer ere ez eskatuko; konturatu naizelako denon ekinez eta konpromezuz Deustun edozer dugula posible.
Agur bero bat eta urte berri on!