Duela urtebete garai honetarako dagoeneko denon ahotan zegoen ezin arrakastatsuagoa bihurtu zen Huntza taldearen Aldapan gora kantua. Ni ez nintzen aparte eta talde gipuzkoarrak guztiz engantxatu ninduen hasieratik. Nire inguruko jendeak ongi daki zenbat maite dudan trikitixa eta ez zuten txantxa eta txisteetarako aukerarik galdu taldearen abestiekin nola gozatzen nuen ikustean.
Hala ere, aldapez ari garela, bada abesti horrenganako gustuak baino gehiago elkartzen gaituen zerbait, urte hasiera honetan aldapa guztietan handiena dena: urtarrileko aldapa. Ikasleon kasuan orduak eman behar izan ditugu sartuta askotan leku txiki bat aurkitzen horren zaila egiten den liburutegietan. Liburutegietan esan dut, baina beharbada liburutegianesan behar nuen, hain zuzen ere, aldaparen garaian ikasle deustuarron liburutegi ofiziala Sarrikokoa ez beste bat izaten delako.
Bertan aurkitutako aurpegiak izan dira otsaileko lehen asteburuan Deustuko Inauterietan erritmo bizian egon direnak. Jakina da euskaldunok tontor gainera heldutakoan ongi baino hobeto ospatzen dugula gure balentria. Zoritxarrez, gure bizitzak horretan bihurtzen ari dira; pausoz pauso igo beharreko aldapa gogor eta luzeen eta neurriz kanpoko kitzikapen momentuekin egindako jaitsiera azkarren arteko uztarketan.
Asteburu horretan bertan, nik ere adrenalina goian nuela, Aldapan gora dantzatzen ibili nintzen baina, asteotan metroko joan-etorri zoro horietako bat egitea suertatu zaidanean konturatu naiz urteko txartela berriztu behar dudala. Batetik irten beste batean sartzeko... Gora beheran bizi gara!