Lubakiak

Gutako asko ezustean hartu gintuen aurreko otsailaren 28ko elurte ikusgarriak. Euskal Herri osoan zuritu zuen eta Deustu ere ederto jantzi zen. Gurean horrelakoak gutxitan gertatu ohi direnez jendeak ez zuen elurrarekin jolasteko eta argazkiak ateratzeko aukera galdu, ezagun gehienek beraien InstaStory-ak baliatu zituzten postureo ederra egiteko.

Hala ere, gertaera horrek bere beste aurpegia izan zuen: metroa gainezka, auto ilara amaigabeak, bidea egin ezin zuten autobusak, bertan behera geratu ziren EHUko klaseak... Nola da posible!

Askok kezkaz hartu zuten 6-8 cm-ko elurte batek ordu batzuez gure herriko jarduera baldintzatzeko izan zuen gaitasuna. Niri, ordea, oraindik ere askotan guztiaren gaineko kontrola duen eta garaezina dirudien sistema hau desegonkortzeko lubakiak badirela ikusteko balio izan zidan.

Telekomunikazio ingeniaritza ikasketak egitean argi somatu dut teknologia berrietan dagoen joeretako bat kontrolaren gizarteari baliabideak ematea dela, gure bizitzako jarduera oro Big Data deritzonarentzako informazio bihurtzeko. Datuok segurtasunaren eta Google zein Microsoft bezalakoen "zerbitzuak hobetzeko" leloen izenean batu eta erabiltzen dituzten arren, horren atzean 1984 eleberrian deskribatutako errealitatetik oso hurbil dagoen bat eraikitzeko estrategia dago.

Zezeilaren 28an zerbaitek ihes egin zien eta pozez hartu nuen. Ez dago dena galduta, boteretsuak indartsuak dira baina ez garaitezinak. Itxaropen lubakiak geratzen dira bestelako etorkizuna marrazteko.