Lau urte igaro dira emozioz betetako ekimen hartatik eta ezin dezakegu esan gauzak mugitu ez direnik; bestela, begiratu Katalunia. Gainera, Euskal Herrian bagara inbidiaz begira geratu ordez, aurrera egiteko lanean ibili garenak. Gure Esku Dago jarrera bat delako, ahalduntze ariketa bat. Norberaren erabaki ahalmenaren aitortza, subjektu aktibo izan beharraren kontzientzia.
Gure herria bidegurutze historiko batean dago: erabaki ala ez. Eta, zergatik da hori hain garrantzitsua? Bada, erabakiak leku guztietan daudelako: erdara ala euskara, monarkia ala errepublika, errausketa ala birziklapena, LOMCE ala Euskal Eskola Nazionala, “La Manada” ala M8, AHT ala Tren Soziala, terrorismo delitua ala justizia, %0,25a ala euskal pentsio publikoak, dispertsioa ala giza eskubideak, multinazionalak ala bertoko produktuak, mozala ala adierazpen askatasuna, estatalizazioa ala lan esparru propioa, Ceutako hilketak ala ongi etorriak, “La Roja” ala Euskal Selekzioa… eta horrela 2019tik gora kasutan.
Eskubideak ez daude aldarrikapen soilean geratzeko, eskubideak gauzatzeko daude. Ordezkari politikoak ere ez daude soilik beraien eserlekutan egoteko, herritarron aldarrikapenak entzun eta horiek posible egiteko baizik. Horregatik, ekainaren 10ean inoizko mobilizazio handienarekin interpelatu behar ditugu. EskuBidetik EtorkiZUnera igarotzeko garaia da eta hori, GURE esku dago, ZURE esku dago.
Argazkia: Berria