GORA DEUSTU HERRIA

Aurreko otsailaren 7an Bilbok Deustu anexionatu zueneko mendeurrenaren harira Gora Deustuk abiatuko duen dinamika herritarraren asanblada irekia burutu zen Bidarte Udaltegian.

Deialdiak interesa piztu zuen, horren seinale ia 40 pertsona bertaratu izana. Pandemian sortu eta gero, Deustuko Elkartasun Sarearekin ereindako indar komunitarioak auzo elkarte forma hartu du azken urte hauetako prozesuaren ostean. Deustuar guztiontzat bizi baldintza duinak (osasungintza publikoa, zaintza, argindarra, espazio publikoak...) aldarrikatzeaz gain, Deustugintza izendatu duten lan ildoa martxan dute, Deustuko elkarte ezberdinen artean elkarlanean egitasmoak antolatzeko. Horren adibide urriaren 8ko Deustuko I. KM Bertikal arrakastatsua.


Oraingoan, berriz, aipatutako efemeridea baliatuz, “Gora Deustu Herria!” kanpaina martxan jarriko dute. Dinamikaren helburua bikoitza da. Alde batetik, memoria historikoa lantzeko tresna izan nahi du. Deustuk Udala zueneko herria nolakoa zen ezagutzera emateko eta hori galtzearen prozesua zein ondoren jasandako bilakaera aztertzeko. Norabide horretan, zenbait pertsonen ekimenez hainbat euskarri eta proiektu (liburu, erakusketa, hitzaldi, ibilbide antzeztua...) sortzeko asmoa dago. Bestetik, anexioak anexio 100 urte hauetan Deustuk bere identitate eta herri izaerari eutsi diola aldarrikatu nahi du. Oraindik ere Deustu egunero herri egitasmo ezberdinetatik auzolanean eraiki eta bizitzaz betetzen duen komunitate indartsua dagoela erakutsi, alegia.


Martxoaren 17an, San José egunaren aurreko igandean, aurten 25 urte beteko dituen Deustuko Emakumezkoen Aurreskua dantzatzen den egunean, hots, Deustuko Jaietako egun berezienean, eman nahi diote hasiera dinamikari aurkezpen publiko baten bidez. Egun horretatik eta urriaren amaierara arte, “Gora Deustu Herria” lelopean, edozer antolatzeko prest dagoen elkarte zein norbanakoen eskura egongo den kanpaina izango da; guztiz irekia den lantalde eragile batek koordinatuko duena.


Azkenik, Urriaren 26a, larunbata, egun osoko jai potoloa egiteko egun gisa aukeratu dute, Deustu Bilbora anexionatzea derrigortzen zuen dekretua sinatu zen datatik oso gertu. Kirola, folklorea, kultura eta jaia batuko dituen festa antolatzea da asmoa. Guztiok gure agendetan gorde beharrekoa zalantzarik gabe.


Pozik eta ilusioz atera zen jendea asanbladatik, eta ez da gutxiagorako. Altxor ederra dugu Deustun: mota eta kolore guztietako elkarteak eta borondatezko lanaren bidez herriari ekarpena egiten dioten ehunka pertsona. Indibidualismoa gora doala dirudien garaietan hemen elkarrekin, herritik eta herriarentzat, lan eginda gauza ikaragarriak egiteko gai den herri bat dagoela erakusteko aukera ederra dugu.

Batu gaitezen denok auzolanera! Gora Deustu Herria!